Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Ulertezina

2019ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Ezin da ulertu atzo Eusko Legebiltzarrean gertatutakoa: aretoan, legebiltzarkideen goiko aldeko eserlekuetan, alde batera Jusapolekoak, polizia ultretan ultrenak; beste aldera, polizien indarkeriaren biktimak, gehiegikerien babesleen mespretxuak jasan beharrez; ikusten, nola seinalatu zion haietako batek Julen Arzuaga EH Bilduko parlamentariari eskuz irudikatutako pistola batez; nola deitu zioten «terrorista» argudioak agertzen ari zela. Polizia Abusuen Biktimen Legearen onarpena oharkabean igaro zen, torturari gorazarre egiten diotenek nahiago izan zituzten-eta irainez estali poliziek eragindako sufrimenduaren aipamenak, legearen kontra dauden hainbat politikariren keinu mediatikoez lagunduta.

Ez da ulertzekoa Arzuaga isilaraztea euren buruak faxistatzat dituztenei «naziak» deitzeagatik —manifestatzen direnean harro erakusten dute zer diren—. Ez da ulergarria legebiltzarreko presidenteak EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzak aktatik kentzeko erabakitzea, «iraingarriak izan diren hitz guztien» zakuan sartuta. Ulertezina da biktimak eta erasotzaileak goratzen dituztenak leku berean jartzeko hainbat politikariren saioa. Ulergaitza den bezala legebiltzarreko EH Bilduren bulegoetan zeuden xingola horiak eta euskal presoen aldeko banderolak kentzea. Ez Espainiako Hauteskunde Batzordeak aginduta, ez, legebiltzarreko presidenteak baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.