jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Zulo beltzak

2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Milioika argi urtera dagoen zulo beltz baten argazkia behatzea lortu dugu 2019an, baina ez gara gai aldamenean dauzkagun zulo beltzak ikusteko. Ezta erradiografia bat izateko ere. Zaballako espetxean beste preso bat hil da, laugarrena urtea hasi zenez gero. 28 urte zituen azkenak. Bi urte pasatxo zeramatzan preso, baina, berriro, epaitegiaren espetxe zigorra heriotza zigor bilakatu da kartzelan. Aurreko heriotza batzuetan bezala, argi gutxi dago gertatutakoaren inguruan. Aurtengo beste heriotzetan berandu edo nahi gabe eman dute heriotzen berri, ezkutuka. Oraingoan, aitak salatu du ez diotela utzi gorpua ikusten autopsia egin aurretik.

Asaldura sortuko luke erakunde publiko baten egoitzan lau hilabetean lau pertsona hiltzeak; ospitale batean, ikastetxe batean edo galdeketa gela batean. Espetxean hil dira lau, ordea, eta, dirudienez, zulo beltzak harritzeko gaitasuna ere irensten du, lau lagun irenstearekin batera. Kartzelan hiltzea normala balitz bezala. Inporta beharko ez balu bezala. Auskalo zer pertsona mota kontzentratzeko esparruak balira bezala. Baina normaletik gutxi du pertsona bat kartzelan hiltzeak. Kartzelan hiltzea ez da normala. Bortitza baita bere hartan. Eta are bortitzagoa da heriotza ezkutatzea.

Administrazioaren zaintzapean dagoen norbait hiltzen bada, ardura administrazioarena da; presoa zaintzapean badu, eragotzi beharko luke kartzelan hiltzea. Baina erantzukizun hori ere, antza, zulo beltzak irensten du. Argia bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.