inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Rementeriaren irristada

2019ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Hautagai batzuek egon besterik ez dute egin behar bozak irabazteko. Kanpaina egin behar dute, tokian tokian; karrankarik gabe hitz egin, eta tokiari eutsi, baina pantaila jan gabe. Nahikoa dute egunak pasatzen uztea eta bozketa egunera iristea, zarata ahalik eta txikienarekin.

Hori zen Unai Rementeria Bizkaiko diputatugai nagusiaren kasua. Garaipen erraz bat agintzen diote bai inkestek, bai azken bozetako joerek, baita Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan EAJk azaldutako sendotasunak ere. EAJk moderazioaren eta lasaitasunaren ospea irabazita dauka Bizkaiko hautesleen artean, eta horrek abantaila handia ematen dio, baita historikoki nagusi izan ez den eremu batzuetan ere.

Bada, Twitterren idatzitako txio batek kanpaina guztiz zipriztindu dio Rementeriari. Egunean bi lan ezberdinetan 17 orduz aritzen den arrain saltzaile bati buruz egindako iruzkinak harrabots handia sortu du, eta hedabide guztietako albisteetara heldu da gaia. Ia alderdi denek kritikatu dute, baita bere bazkide sozialistek ere. Hautagaiak sentsibilitate handirik gabe hartu ditu langileen prekaritatea eta saltoki txikien ataka estua, eta politikoki zuzenaren marratik harago joan da. Botoak galduz gero, aholkulariek irristada nabarmenduko diote; galtzen ez baditu, berriz, are nabarmenago utziko du EAJk Bizkaian daukan immunitatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.