mikel p ansa
HIZPIDEAK

Zergen kontra

2019ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Ez dute fama onik zergek, eta Donald Trump, Jair Bolsonaro eta enparauen mezuekin, oraindik eta fama txarragoa hartzen ari dira. Bazkaleku ona dute, soldatak itota eta KPIa goraka ibili den azken hamarkada honetan herritarrek izerdi gorria bota behar izan baitute hilabetea bukatzeko; zergen kontrako giroa hauspotzeko primerako aldagaiak. Herritarrak ez dio ordaindu nahi administrazio publikoari; gutxi daukanak, gutxi daukalako; asko daukanak, asko daukalako. Eta garai konplikatu hauetan, administrazio publikoek inoiz baino gehiago egin beharko lukete pedagogia zergei buruz, eta zerbitzu publikoak pagatzeko horiek zenbateraino behar diren esplikatu. Baina ez. Administrazioak beste bide batetik doaz hemen, eta ondarearen gaineko zerga kendu nahi dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Atzo Pedro Azpiazu Ogasun sailburuari esanarazi zizkioten hitz magikoak; ondarearen zerga kendu behar baldin bada, gutxienez PFEZaren progresibotasunak handiagoa izan behar lukeela esan zuen, behintzat. Baina oldar neoliberal galanta dator zergen aurka. Zergek aberastasuna birbanatzeko balio zutela zioen mitoa zartatzen ari dira pixkaka. Eta herritarren mesederako izango dela sinetsaraziz, gainera. Baina «behera zergak!» aberatsen oihua izan da beti; pobreak, oihu horrekin bat egiten badu, soka jarriko dio bere lepoari. Ignacio Zubiri katedradunak esana du kazeta honetan bertan: «Ondare zerga kenduta, irabaziko duten bakarrak aberatsak izango dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.