martxelo otamendi
HIZPIDEAK

Loroak ez du ikasi oraindik

2020ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Eliza katolikoak 1995eko irailean Ricardo Blazquez Bilboko gotzain izendatu zuenean, oso haserre agertu ziren jeltzaleak, izendatu berriak ez zekielako euskaraz. Orduko buruzagi batek —ez orduan eta ez gaur euskara ez dakienak— «loro zaharrak ez du ikasten» esapidea erabili zuen izendatu berriari iseka eginez.

Blazquez Bilbora iritsi eta lau urtera, 1999an, EAJk euskaraz ez zekien zuzendari nagusi bat aukeratu zuen EITBrako. Alegia, ETB1en eta Euskadi Irratian esaten zutena ulertzen ez zuena.

Blazquez Bilbora iritsi eta 24 urtera, iaz, Urkullu lehendakariak euskaraz ez zekien, eta ez dakien, Osasun sailburua aukeratu zuen. Sailburu horrek, logikoa denez, sekulako presentzia publikoa eduki du COVID-19ak eraginda; eta euskarazko medioetan atera ahal izateko esaldi irakurri batzuk gorabehera, erabat gaztelaniaz aritu da.

Igandean hauteskundeak dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Gasteizko Legebiltzarra aukeratu eta, ondorioz, lehendakaria eta sailburuak izendatzeko. 2020an egonda, Blazquez Bilbora iritsi eta 25 urtera, alderdi abertzaleek konpromisoa hartu beharko lukete ez dituztela euskaldunak ez diren sailburuak eta goi kargudunak izendatuko.

Zertarako horrenbeste txapa jantzi paparrean, gero benetan eraginkorrak izango diren neurriak hartzeko orduan nahiko sendotasunik ez badago?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.