mikel p ansa
HIZPIDEAK

Beto eskubidea

2021eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Argi dago: «Normalizazioari eta elkarbizitzari» laguntzeko modu bakarra isilik egotea da. Unionistak ez beste guztiak isiltzea, alegia. ETBk joan den abenduan emititu zuen Altsasu telesailak argitu du auzia. Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak agerraldia egin zuen atzo Eusko Legebiltzarrean, PPk eta Ciudadanosek eskatuta, eta, azken buruan, zuzenean edo zeharka, ontzat eman zituen Espainiako eskuinaren kritikak. Guardia Zibilari buruz telesailak ematen zuen irudia eta mezua kritikatu zituzten; gutxiegi enpatizatzen du poliziekin, antza. Aldekoak adierazi zuen EITBk ez duela bide horretatik jarraituko, euskal irrati-telebista publikoa ez dela gatazkabide izango, eta saihestu egingo dituela «polarizazio politikoa» eta «desenkontruak» sortzen dituzten edukiak. Baina horrek ez du esan nahi, Aldekoaren arabera, eztabaida politiko eta sozialak saihestuko dituztela.

Apustu ausarta eta ezohikoa zen udazkenekoa: emakumeak baztertzen dituzten alardeei buruzko telesail bat eta desproportzioak zipriztindutako gazte batzuen aurkako prozesua. Ausarta eta ezohikoa zen, euskal irrati-telebistak ez duelako beti horren gai beroei eusteko borondatea izan. Ausartu zen, baina garbi gelditu da zeinek daukan betorako eskubidea. Intxaurrondo berriz albiste bilakatu den egunotan, beste batzuek ere balukete «normalizazioari eta elkarbizitzari» ekarpenak egiteko aukera, 36ko gerraostean eskuinak egin zuena errepikatzen ibili gabe: arerioa isilarazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.