Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Konparazioak

2021eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
AEBetako justizia sistemari eredugarritasunik aitortu gabe, eraginkortasuna behintzat aitortu behar zaio George Floyden hilketaren kasuan. Iazko maiatzean irudi gogorrak heldu ziren Minneapolistik, eta irudi horiek ezinbestekoak izan dira Derek Chauvin polizia errudun jotzeko. Laster jakingo da zenbateko espetxealdia bete beharko duen.

Kasuak ezberdinak izan arren, saihetsezina da Iñigo Cabacasen auziarekin konparatzea, batik bat bi kasuen inguruko erabakiak egun berean ezagutu direlako. Floyden hilketaren erantzulea kartzelatu egingo dutela jakin zen egun berean jakin baitzen Cabacasen heriotzagatik zigortutako ertzain bakarrak ez duela kartzela zapalduko.

Diferentziak asko dira. Floyd hil zuen poliziaren izen-abizenak ia hasieratik ezagutu ziren; Cabacasen kasuan, kostata lortu zen poliziaren operatiboan parte hartu zuten ertzainen izenak jakitea. Urtebete nahikoa izan da Chauvin zigortzeko; sei urte eta erdi behar izan ziren Cabacas auzian epaiketa egiteko—2012an maiatzetik 2018ko urrira—. 2018ko azaroan jakin zen epaia: operatiboan aritu zirenetan kargurik altuena zuen ertzaina zigortu zuten, eta beste bost agente errugabetu.

Sei urte eta erdiko atzerapena bidegabekeria nahikoa ez, eta Cabacasen heriotzaren erantzuleak batere zigorrik ez duela beteko jakin du orain haren sendiak. Konparazioak gorrotagarriak direla diote, baina aldea nabarmena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.