HIZPIDEAK

Euskarak plaza hartuko du berriro

Eider Goenaga Lizaso.
@EiderGoenaga
2022ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Luzeegia gertatu da azken Korrika egin zenetik gaur arteko tartea. Ohiko bi urtekoa izan beharrean, hirukoa izan da etena. Baina hiru urte hauek ez dira nolanahikoak izan. Pandemia batek atzerarazi zuen euskararen alde Euskal Herrian egiten den ekitaldirik jendetsuena, baina pandemiak ez du hori bakarrik utzi bazterrean, euskara bera ere bazterrekoago egin du; besteak beste, hitz egiteko elkarguneak murriztuz, euskal kultura zuzenean kontsumitzeko eta zabaltzeko aukerak ia hutsera eramanez, agintari politikoen diskurtsoetan lehen ere eskasa zen leku txiki hori galduz. Osasuna gailendu behar horretan, euskara ere irten da galtzaile.

Bere lekua hartu behar du berriro euskarak, atzera egin duen tokietan gutxienez lehengo posizioetara itzultzeko. Izan dadin Korrika akuilu bat bide horretan.

Euskararen aldeko lasterketa ikur bat da, sinbolo bat, euskaldun askorentzat, euskalgintzarentzat, herri oso batentzat; euskararen aldeko konpromisoa irudikatzen duen lekukoa txandakatuz ibiliko da erakunde, alderdi politiko, enpresa, gizarte eragile eta banakoen eskuetan. Horien guztien konpromisoa eta ekintzak beharko dira euskarak bere lekua har dezan, eta ikurra keinu sinboliko hutsean geldi ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.