jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Probokatzen

2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Jaurlaritzak beste korapilo bat egin dio iazko irailaren 8an handitzen utzi zuen mordoiloari. Segurtasun Sailak egun horretan ez zuen ezer egin Hondarribian alarde parekideko kideen aurka antolatuta zegoen erasoa eragozteko, eta orain Ertzaintzak Jaizkibeleko bi kideri isuna jarri die, ekidistantzia ariketa oso kezkagarri batean.

Erakundeek jarraitzen dute alardearena elkarbizitza arazo bat dela sinetsarazi nahian. Eskubide kontu bat da, ordea. Ezingo dira inoiz parekatu giza eskubide baten alde daudenak eta horren kontra daudenak. Baina mozal legea eskuan hartuta, alde batekoei eta bestekoei jarritako isunak baliatu nahi ditu EAJk elkarbizitzaren arazoaren ideia indartzeko, eta norbaiti bururatu zaio alarde mistoko kapitainari eta kapitain ohiari isuna jartzea errepidera babesa ematera atera zitzaizkien lagunak ez kanporatzeagatik. Zergatik eta horien presentziak alarde baztertzailearen aldekoen txistu eta oihuak «areagotu» zituela argudiatuz. Baztertzaileek eraman zituzten plastikoak zuriak zirela eta Jaizkibelekoen erruz belztu zirela esatea besterik ez zaie falta izan plastiko beltzetakoen jokabidea nolabait zuritzeko.

Minigona janzten duten emakumeek gizonak probokatzen dituztelako argudio matxista zaharra da. Jaurlaritzak, ordea, ez du lotsarik izan probokazioaren ideia hori alardera ekartzeko, erasoaren ardura jasaten duenarengan jarriz eta, horrela, iazkoa bezalako erasoei bidea emanez. Probokatu egiten dute eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.