jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Egunero negua denean

2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Etxegabe bat hilda aurkitu zuten atzo Barakaldon. Sestaoarra, 30 urtekoa. Autoan bizi zen, auto batean bizi daitekeen neurrian. Caritasen jangelan egiten zituen otorduak.

Etxerik gabeak ez dira desagertzen udaberrian, eta ez dira agertzen hasten udazkenean. Gizartearen, erakundeen eta komunikabideen begiek eta belarriek neguan jartzen dute arreta etxerik gabekoengan, baina askok urte guztia egiten dute kalean. Ez urte bakarra, urteak baizik, ia bizitza osoa. Hori bai, etxerik gabekoentzako aterpe eta zerbitzu batzuk itxi egiten dituzte negua pasatutakoan.

Ez dira pertsona gutxi: etxegabeak 2.000tik gora, eta kalean lo egiten dutenak, ehunka batzuk. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elkarteek eta erakundeek iazko urriaren 18ko gauean egin zuten zenbaketaren arabera, 435 pertsona aurkitu zituzten kalean lo egiten. Zenbaketa ez zuten herri guztietan egin; beraz, gehiago izango ziren.

Kartoiek eta tapakiek ezkutatzen dituzte batzuetan. Errealitatea ukatu eta beste alde batera begiratzeko herritarren gogoak gehienetan. Egon, hor baitaude. Hezur-haragizko. Pertsona. Eta, etxerik gabekoekin lan egiten duten elkarteetako ordezkariek behin eta berriro nabarmentzen duten moduan, edozeini gerta dakioke, are gehiago prekaritate garaiotan, bizitza negu etengabea bihurtzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.