mikel p ansa
HIZPIDEAK

Zabor guztiak batean

2020ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Ezin ziren kalamitate gehiago elkartu leku bakarrean: irregulartasunak pilatu zaizkion zabortegi bat; zer, eta amiantoa hartzen zuena gainera; lan istripu batean desagertutako bi langile; haien bila zein errepidea garbitzera joandakoei prebentzio neurriak berandu ematea; eta informazioaren kudeaketa lauso bat. Zabor guztiak batera geratu dira bistan Zaldibarko ezbeharrean.

Gauza bat izaten da agiri ofizialetan zer jasotzen den, eta beste bat, praktika. Eta Zaldibarkoak bezala obrako zakarrak hartzen dituzten zabortegietan lan egin duen edo hara hondakinak eraman dituen inor ezagutzen duenak badaki nola funtzionatzen duten leku horietako askok. Gero administrazioak berdinduko ditu kontuak, larritasuna leunduz, lasaitasuna eskatuz, eta isunen bat jarriz (edo ez), baina obrako zabortegi askotan edozein zakar edozein modutan biltzen dela, hori badaki haiek bertatik ikusi dituenak.

Jaurlaritzako teknikariek iazko azterketan —urtero egiten zioten— aipatu zuten Zaldibarko zabortegia ez zela betetzen ari ingurumen baimenaren eskakizunak. Egoerak larria behar zuen teknikariek kalifikazio hori eman ziotenerako. Baina irregulartasun horiek zeintzuk ziren, eta geroztik konpondu ote diren, ez du inork esplikatu; ez Jaurlaritzak, ez zabortegiaren jabe den enpresak. Eta inork oraindik ez du esplikatu zergatik jausi zen zabortegia. Galdera gehiegi, eta galderak erantzuten saiatzeko gogorik duen inor ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.