mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Grisaren eremua

2020ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Nafarroak gauerditik itxiak ditu Arabako eta Gipuzkoako mugak, baina ez Ipar Euskal Herrikoak. Espainiako legediaren arabera, soilik Espainiako Gobernuak agindu dezake Frantziako Errepublikarekin mugak ixtea. Hortaz, Madrildik agindurik ailegatu ezean, Lapurdi zubitzat erabil liteke Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa lotzeko.

Estatuek zuri edo beltz markatzeko erabiltzen dituzte mugak, baina banaketa lerroen inguruek grisetik dezentez gehiago izan ohi dute zuritik edo beltzetik baino; zer erranik ez lerroek nazio bereko komunitateak banatzen badituzte. Hemen jaio, han lan egin, baina bizitza soziala hor egin. Administrazio eta zerbitzu kontuak hemen jaso, baina harat egunero joan, eta hor bizi. Hemengoa, hangoa eta horkoa, kilometro gutxiren buruan, barnealdeko edozein eskualdetan bezala.

Arauek marrak ezartzen dituzte, ordea, eta, berriz ere, Nafarroako eta ondoko herrialdeetako mugako komunitateak geldituko dira araua betearazteko ahalmena dutenen irizpidearen menera. Poliziak erabakiko du paper hau hemengoa izan baina harat joan behar eta horkoa dela azalduko dion bakoitzaren istorioa justifikagarria zaion. Mugituz gero zentzuz eta arduraz jokatzeko eskatu dute agintariek. Mugaren grisa ulertzeko ere zentzua eta ardura eskatu behar zaie haiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.