mikel p ansa
HIZPIDEAK

Diru lagunak

2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Korporazio handi eta ez hain handiak ukalondoak zorrozten ari dira, eta proiektu estrategikoz betetzen ari dira instituzioen mahaiak, Europak agindu dituen milioikadetatik zerbait harrapatzeko esperantzaz. Ez da broma: 140.000 milioi euro agindu dizkio Espainiari. Eta inbutu horretatik iritsiko da milioi parrastada bat, trantsizio ekologikoa eta digitala sustatzeko, Hego Euskal Herrira. Kalkulua biztanleriaren arabera egiten bada, Hegoaldeari 8.500 bat milioi euro tokatuko litzaizkioke; gutxi gorabehera, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren urte oso bateko aurrekontu guztiaren erdia. Beste kontu bat da trantsizio etiketa horren azpian zer proiektu modu sartuko diren. Atzo Gasteiz Zero Zabor taldeak egin zuen ohartarazpenak badu mamia: Araban hiri hondakinekin hidrogenoa sortzeko planta bat sustatu nahi dute Europako funts horiekin. Proiektua ez da ezagutzen oraindik, eta hidrogenoa sortzeko hamaika modu egon litezke; horretarako hondakinak erraustu beharko ote diren edo ez, zein teknika erabili nahi duten, ikusteko dago, baina hondakinak erre edo ez erre, proiektuak badu sortzezko bekatu bat: hondakinak beharko ditu funtzionatzeko, eta hondakinen Europako politikaren lehen agindua justu kontrakoa da: hondakinak gutxitzea. Eta horrela agertzen dira berdez jantzi litezkeen proiektu askoren ajeak. Trantsizio ekologikoak, izan ere, azpiegitura garestiak baino gehiago ez ote ditu beharko kultura aldaketak? Eta kultura aldaketa horiek zein Next Generationek subentzionatuko ditu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.