mikel p ansa
HIZPIDEAK

Mendekotasuna

2021eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Nork bere gurasoak aukeratzeko modurik ez duen bezala, nork bere sistema ekonomikoa aukeratzeko modurik ere ez du. Gurasoak gurasoak dira, eta nork bereak ditu; eta Euskal Herriak daukan sistema ekonomikoa dauka, eta sistema horretan garraioaren —automobilgintza, hegazkingintza, trengintza...— pisua handia da, baita petrolioaren mende dauden sektoreena ere. Eta bata zein bestea garai zailak pasatzen ari dira pandemiaren aro honetan. Sistema horren seme-alabek ezin dituzte gurasoak aukeratu, baina erabaki dezakete zein izango den haien familia, zein izango dituzten lagunak.

Atzoko berriak dira: PCB enpresaren Barakaldoko eta Sestaoko langileek protestan jarraituko dute langileak kaleratzeko txostenaren kontra; Aernnovan, ELAk eskatuko du langileen erregulazio txostena ezeztatzeko; Tubos Reunidos taldeak 115 milioi euroko behin-behineko laguntza eskatu dio administrazio publikoari. Pandemiaren garairako atondu dituzten aldi baterako enplegu erregulazioak agortu ahala, gortina altxatuz doa, eta kaleratzeak pilatuz doaz sektore jakin batzuetan, eta etorkizunak ez du kolore atsegina. Gurasoak hiltzen direnerako, familia eta lagunak aukeratzen hasteko garaia da seguru asko. Produkzio sistemak etorkizunean zer ardatz izan beharko lituzkeen eta sektore jakin batzuekin hainbesteko menpekotasuna eduki beharko lukeen erabakitzekoa, alegia. Arrautza guztiak saski bakarrean jartzea ez da inoiz ideia ona izaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.