HIZPIDEAK

Ostrukarena

Eider Goenaga Lizaso.
@EiderGoenaga
2022ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Presidentetza hauteskundeen atarian, eta azken hamar egunetan Korsikako kaleetan eztanda egin duten protesten ondorioz, Frantziako Gobernua behartua ikusi da azken zazpi urteotan eman ez duen pausoa ematera. Autonomiaz hitz egiteko prest agertu da, eta Gerald Darmanin Barne ministroa bidali dute negoziatzera. Istiluak baretzeko xedez joan da uhartera, eta Korsikako indar nazionalistak ez dira fio. Idatziz jasota nahi dute ahoz esandakoa: xehetasunak nahi dituzte, egutegi bat, konpromisoak, autonomia horrek zer jasoko duen zehaztea. Darmanin prest agertu zen atzo.

Frantzia, estatu jakobinoa, estatu zentralista batek izan behar duenaren eredua, urte luzeetan nazio identitatearekin lotutako lurraldetasun gatazkarik izango ez balu bezala jokatu duena, azkenean urrats bat egitera behartu dutela dirudi. Ikusteko dago nola amaituko den, benetan autonomiarik aitortuko zaien, eta norainoko autonomia izango den, baina mugitzera behartu dute, mugiezin zirudiena.

Korsikan zazpi urte dira indar nazionalistek bozak irabazi zituztela, eta etengabe gorantz joan dira, iazko bozetan autonomista eta independentisten artean parlamentuaren %68 lortu arte. Errealitate horri ez ikusiarena egin dio Frantziak, eta litekeena da orain nahi baino gehiago eman behar izatea. Ostrukarena egiteak ez du arazo bat desagerrarazten; aitzitik, hura areagotzea eragiten du sarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.