Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Urrats gehiago

2022ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Tirabira askoren ostean, atzo onartu zuen Espainiako Kongresuak trans legea deitu dutena. Hala ere, zehaztu behar da trans eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko legea dela indarrean sartuko dena, ez soilik transexualen eskubideen aldekoa, LGTBI kolektibo osoaren babeserakoa baizik. Urrats garrantzitsu bat izango da kolektibo zaurgarri batentzat, aurrerapauso bat giza eskubideentzat, eta, espero daitekeenez, babes bat bazterketa eta diskriminazioa sufritzen duen jende talde handi batentzat.

Transexualei dagokienez, puntu inportantea despatologizazioa da. Erregistro zibilean aldaketa egiteko ez baita beharrezkoa izango inolako prozedura medikorik, ez da galdegingo psikologoen oniritzirik edo mediku txostenik, ez eta gorputzean aldaketak egiterik ere; ez hormona bidez, ez ebakuntza bidez.

Baina, badira hutsuneak ere. Pertsona ez-binarioek oraindik ez dute aukera erregistro zibilean hori islatzeko —Argentinan, esaterako, onartua dute legez—, eta errealitate horri bizkar ematen dio, beraz, lege berriak. Horrez gain, sorterrian sufritzen duten jazarpenagatik asiloa eskatzen duten LGTBI kolektiboko migranteen babesa ere ez du jaso legeak.

Legeak, beraz, baditu oraindik egin beharreko urratsak. Baina urrats handiena gizarteak berak egin behar du, oraindik ere maizegi gertatzen diren erasoak eta jarrera homofobo eta transfoboak ez baitira legea onartze hutsarekin desagertuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.