inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Mundua Kataluniara begira

2019ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Burgosko Prozesutik Espainian egindako epaiketa politikorik garrantzitsuena hasiko da gaur. Kataluniako prozesuko buruzagiak eseriko dira Auzitegi Gorenean, eta matxinada egotziko diete hamabi akusatuetatik bederatziri. Eta hor hasten dira paradoxak, zeren Espainiako legedian ere, matxinada delitu bat egotzi ahal izateko, ezinbestekoa baita indarkeria erabili izana. Hain zuzen ere, Alemaniako justiziak ez zuen halakorik ikusi Carles Puigdemont presidente kargugabetuaren aurka eginiko estradizio eskaeran, eta horregatik egin zion uko hura Espainiaratzeari. Eta hor dago bigarren paradoxa: prozesuko buru nagusia ezin izango dute epaitu, eta, bai, berriz, haren aginduen menpe zeudenak.

Kataluniarrei modu baketsuan bozkatzeko aukera eman nahi izan zieten agintariak epaituko dituzte gaurtik. Eta hori, era batera edo bestera, badaki munduak ere. Horregatik saiatu da Madrilgo diplomazia nazioartean sumatu duen mesfidantzari aurre egiten. Justu hor izango du erronka nagusia prozesu honetan ere. Hots, nola eman eskarmentu bat autodeterminazio eskubidea martxan jarri nahi dutenei, munduak jasan dezakeen neurria gainditu gabe? Malabaristen antzera jardun beharko dute epaileek, hari horren gainean edozein unetan gal baitezakete oreka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.