HIZPIDEAK

Agur, agur

Jon Ordoñez Garmendia -

2019ko maiatzak 28
Min egin dute igande gaueko Maite Esporrinen hitzek. «Agur, Asiron; agur, agur, agur», egin zuen oihu. Eta min egiten du lau urtean Asiron alkate karismatiko bat bihurtu delako herritarren zati handi batentzat, eta ezkerraren ordezkari batengandik etorrita, ulertezina litzatekeelako halako harrokeria bat alkatetza hartu behar duena UPNren, PPren eta Ciudadanosen ordezkaria denean.

Baina gogoratu behar da 2015ean erregimenari agur esan zitzaionean, PSNk ere entzun behar izan zuela agur, erregimenaren parte zen aldetik. Esporrinen oihuek erakusten dute zenbat izorratu zien horrek. Horregatik, orain ez du zertan inork harritu: aurretik bezala, lau urte hauetan PSNk garbi utzi du zein den bere lekua; bai bederen alderdia zuzentzen dutenena. Hori ere hartu beharko da aintzat datozen lau urteetan Pedro Sanchezen efektua parlamentuan islatzen den moduan islatuta ere.

Lau urte hauek Nafarroan sortu duten itxaropena itzaltzea kolpe gogorra da herritar progresista, euskaltzale, abertzale eta erregimenaren fobien jomugan dagoen edonorentzat. Gaur da eguna, ordea, gogoratzeko aldaketa ez zela erakundeetan sortu, baizik eta gizartean. Jakina zen Nafarroa eta Nafarroako egiturak aldatzea ez dela izango legegintzaldi bateko kontua, ezta bikoa ere. Ez gobernu baten lorpena, ezta soilik lauko baten erronka ere. Aldaketaren ardatza gizartean egon da beti. Eta hor egongo da. Agur esaten badiote ere.