mikel p ansa
HIZPIDEAK

Kurduen patua

2019ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Turkiako telebista publikoa da TRT; atzo, Rojavako su-etena bukatzeko ordu batzuk baizik falta ez zirela, ordulari bat zeukan telebista publikoak, pantailaren eskuineko goiko aldean jarria, su-etenari bukatzeko zenbat falta zitzaion erakusteko, kontatzeko zenbat denbora falta zen kurduen kontrako gerrari berriro ekiteko. Nafarrek sanferminetarako falta diren minutuak kalkulatzen dituzten bezala, turkiarrek gerran sartzeko falta zaizkien minutuei begiratzen diete. Gerra estatu bat bilakatu da Turkia, eta tradizio bilakatu da presidenteak arazo politikoak dituen bakoitzean kurduak bonbardatzea.

Rojava inbadituta, Turkiak nahi duen guztia edo gehiena lortu du. Kurduen miliziek eta haien gobernu erakunde zibilek mugatik aldendu behar dutela onartu diote, aurrena Donald Trumpek, eta gero Vladimir Putinek. Errusiak ere espero zuena lortu du: Turkiak Siriako Gobernua aitortzea, eta haren «lurralde batasunari» men egitea; AEBetako tropek lekuak hustea ere lortu du, gainera.

Sukaldeko trapu bat balira bezala erabili dituzte kurduak: AEBek Estatu Islamikoari aurre egiteko erabili zituzten; Turkiak gupidarik gabe bonbardatu ditu; Errusiak trukerako txanpon gisa baliatu ditu. Eta Siriako Gobernuak, Turkia balaztatzeko ezkutu gisa jarri ditu.

Gerraren gizonek inguratu eta ito egin dituzte kurduak. Orain zalantza bakarra dago: Rojavaren inbasioa nongo bulegoetan diseinatu ote zen, Ankaran, edo Moskun; edo bietan batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.