Garikoitz Goikoetxea.
HIZPIDEAK

Euskaraz ikasi ezinik

2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Euskarazko irakaskuntza berma dezatela eskatzeko, kalera irtengo dira gaur ere Iruñean. Behetik goraino, irakastaldi guztietan daude oztopoak, eta larriagotu egingo dira datorren ikasturtetik aurrera: Iruñean, are gehiago zokoratuko dute euskarazko eskaintza haur eskoletan; Mendigorrian, gobernuak ez du onartu D ereduko gela irekitzea, nahiz eta horrekin kinkan jarri herriko eskolak zabalik irautea; Lanbide Heziketan, euskarazko irakaskuntza erabat bazterrekoa da; unibertsitate publikoan, karrera bakarra egin daiteke euskaraz. Ikuspegi soziolinguistikotik, argazki hori urrun dago errealitatetik, eta, areago, etorkizuna oztopatzen du.

Nafarroako Estatistika Institutuak hileon eman ditu euskararen ezagutzari buruzko datuak: 15-29 urteko nafarren laurdenek diote badutela euskaraz ongi hitz egiteko adinako gaitasuna, eta herenek ulertu gutxienez egiten dute. Zerikusi zuzena izan du hezkuntzak horretan, baina, matrikulazio datuak ikusita, oso agerikoa da geldialdi arriskua.

Gutxiagotutako hizkuntza sustatzeko obligazioa dute erakundeek, eta horretarako zimendua da ezagutza zabaltzea, ikasteko eskubidea bermatzea. Bestela, ezdeusa da hizkuntza politika. Aldaketa bikoitza behar da: trabak kendu ez ezik, euskarazko irakaskuntza ere bultzatu. Oinarri bat ahaztu gabe: hizkuntza politika ez du Euskarabideak bakarrik egiten, gobernu osoak baizik. Alde edo kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.