EKOGRAFIAK

Munduko euskaldunei (II)

Miren Manias -

2018ko irailak 7
Garai berriak zer diren. Dagoeneko, posible da euskarazko kate bateko programa berriaren iragarpena ingelesez egitea —eta gauza normala balitz, ezer ez jazotzea—. Horixe gertatu da ETB1eko DantzanGo! saioarekin. Minutu eta erdiko bideoan soilik zenbatu daitezke zortzi hitz euskaraz. Gainerako guztia, nola ez, ingeles hutsez egin dute.

Twitterreko post batean partekatuta —egun, ikus-entzunezkoen kontsumoa gehiago bihurtu delako norekin eta nola erlazionatzen zaren horien bitartez—, Mikel Alvarez lagunak berehalaxe erantzun zuen: «Lanbada brasildarren bertsio bat ingelesez, Euskal Herrian, argi asko, likra, famatuak, potolo bat, eta nola ez, guztiak sudurretik kantari behar den bezala. Nahikoa izan dut, mila esker Miren». Hego Euskal Herrian, akaso, hobe esanda legoke. Dena den, garrantzitsuena da DantzanGo! saioak ikusle potentzial bat galdu izana —eta ez, beharbada, soilik iragarkian euskararik sartu ez dutelako—. Garai berriak zer diren. Telebista saioaren audientzia gutxi gorabehera aurreikusteko modua egon liteke? Zehatzago, norentzat nahi dute ETB1?

Sasoiaren arabera, audientzia alda daiteke. Abuztuan, 2012ko apiriletik lortutako emaitza onena lortu du ETB1ek. Hain zuzen ere, telebista kontsumoak inoizko daturik txikiena eman duen unean —44 milioi ikusle potentzialetik 3,9 milioik ez zuten telebistarik ikusi abuztuan, Espainian—. Euskarazko katea ikusi duzuenok nabarituko zenuten kirola izan dela jaun eta jabe. Maiz kritikatzen zaigu ETB1en programazioa egurtzen dugula zutabe honetan, baina hausnartzekoa da azken datu hori. Hain zuzen ere, abuztuan izandako datuen atzeko audientziaren profila. Ziur asko, euskararik ez dutenek ikusiko zutelako ETB1. Programazioaren arabera ere alda daiteke audientzia. Ur handitan horren adibidea da. Iragan denboraldia sendo amaitu zuen: 88.000 ikusle eta %5,5eko kuota —%15,2koa euskaldunen artean—. Oraindik datu zehatzak ez badakizkigu ere, iraila bide onetik hasi dutela dirudi —sare sozialetan irakurritako mezuak ikusita, kasurako—. Lantaldeak ahalegina ere egin du horretarako. «Herrialde horietan aukeratutako gaiarekin zerikusia duten euskaldunak aurkitzea, hori bai izan da lan zaila», adierazi du Xabier Madariaga saioaren aurkezleak BERRIAn bertan. Bejondeizuela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna