John Zornek jasoko du Donostiako Jazzaldia saria

Musikari estatubatuarrak 'Bagatelles Marathon' eskainiko du jaialdian. Hamalau talde ariko dira oholtzan harekin, uztailaren 27 eta 28an

John Zorn musikari estatubatuarra. DONOSTIAKO JAZZALDIA.
mikel lizarralde
2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
John Zorn (New York, 1953) musikagile estatubatuarra abangoardiako musika garaikidearen katalizatzaile bilakatu da azkeneko 30 urteetan. Lan egin du musika judu tradizionalaren esparruan, hardcorean, eta baita jazzean ere, betiere inprobisazioa ardatz hartuta, eta hamaika proiektu eraman ditu aurrera: Naked City, Painkiller, Masada, The Gnostic Trio... 400 diskotan baino gehiagotan parte hartu du. Ibilbide horren aitortza gisa jasoko du Donostiako Jazzaldia saria.

2013an, Zornek Masada Maratoia oholtzaratu zuen Donostiako Jazzaldian, eta arrakasta handia lortu zuen; aurten, Bagatelles Marathon izeneko ikuskizun bikoitza dakar jaialdira. Bi egunetan banatuko du ikuskizuna, eta, hala, uztailaren 27an eta 28an izango dira emanaldiak.

Musika maratoi horretan, hamalau taldek hartuko dute parte, eta musikariak, berriz, 30etik gora izango dira. Horietako asko abangoardiako musikaren izen handiak dira; besteak beste, Mary Halvorson, Marc Ribot, Kris Davis, Julian Lage, Dave Douglas, Joey Baron, Craig Taborn, Peter Evans, John Medeski, Ikue Mori, Erik Friedlander, Mark Feldman, Sylvie Courvoisier, Kenny Wollesen eta Trevor Dunn.

1994an eman zuten aurrenekoz Donostiako Jazzaldia saria—Doc Cheathamek jaso zuen urte hartan—, eta, orduz geroztik, urtero-urtero banatu dute. Iaz, Mary Stallings eta Michel Portalentzat izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.