Asegarcek kargutik kendu du Rafa Etxeberria

Enpresaren kudeatzailea zen 2016az geroztik. Asegarcek oraindik ez du jakinarazi zeinek edo nola beteko duen haren hutsunea

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko urriak 11
Rafa Etxeberriak ez du jarraituko Asegarceren kudeatzaile postuan. Duela hilabete inguru bolo-bolo zebilen zurrumurrua atzo baieztatu zuen enpresak. Etxeberria bide luzea eginikoa da Asegarcen, eta 2016ko martxotik zegoen aginte postuan. Enpresak oraindik ez du argitu zein izango den haren ordezkoa, edota birmoldaketaren bat egongo den eta kudeatzaile postua mantenduko duen.

Etxeberriak bi urte pasa egin ditu Asegarce zuzentzen. Enpresako kudeatzailea zen, baina haren gainetik Iñaki Burrutxaga presidentea eta enpresako bazkideak daude, eta haiek kudeatzailea kargutik kentzeko ahala dute. Bilboko enpresak webgunean eman zuen erabakiaren berri, gaztelaniaz bakarrik idatzitako lerro bakarreko ohar batean. Ez zuten beste argibiderik eman.

Hilabete pasatu da Etxeberriaren albisteak indarra hartu zuenetik, eta are gehiago zabaldu zen sanmateoetako feriako jaialdi bakar batean ere agertu ez zenean. Lau eta erdiko txapelketako aurkezpenean ere ez zen egon. Baieztapen ofiziala falta zen bakarrik. Orain, enpresak erabaki behar du nola ordezkatuko duen. Bi enpresetako pilotarien eta langileen inguruan Joserra Garai Bilboko pilotalekuko zuzendariaren izena zabaldu da balizko ordezko gisa —Custom Sport enpresak kudeatzen du, eta haren presidentea Burrutxaga da—, baina Garaik berak aukera hori ukatu zuen atzo.

25 urte enpresan

Etxeberria 25 urteko ibilbidea eginikoa da Asegarcen. Enpresaren lehen urteetan txarteldegiko arduradun izan zen, sarreren erreserbak hartzeko eta antzeko zereginekin. 2007an, antolaketa zuzendari izendatu zuten, eta ardura handiagoak hartu. Sarrerak ez ezik, artekariekin harremana eta jaialdien antolakuntza ere haren esku gelditu ziren. Etxeberriak 2016an hartu zuen kudeatzaile postua, Iñigo Salbidea zenaren ondorengo gisa. Bi urte baino ez ditu egin karguan, eta txapel mailan ez dira bereziki oparoak izan Asegarcerentzat, Bengoetxearen azken biak —2016ko lau eta erdikoa eta 2017ko buruz burukoa— irabazi baititu bakarrik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna