Donostiako Nazioarteko 64. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari Berriak

Emozioak askatuz

Beñat Eizagirre Indo.
2016ko irailaren 22a
00:00
Entzun

'Compte tes blessures'

Zuzendaria: Morgan Simon. Herrialdea: Frantzia.Iraupena: 80 minutu.

Morgan Simon frantziarraren opera prima da Compte tes blessures, eta Kutxabank saria irabazteko hautagaia da. Ez da beste munduko ezer, baina gustura ikusten den drama baten aurrean aurkitzen gara. Egia esan, istorioa absurdo samarra da, eta horrek sinesgarritasuna kolokan ipintzen du une askotan, baina entretenigarria dela aitortu behar da. Gainera, Kevin Azais aktore protagonistak erakarpen ahalmen nabarmena daukala aipatu behar da.

Hardcore musika zaratatsuaren zaleak zorionekoak dira. Izan ere, Azaisek interpretatzen duen pertsonaia ingelesez abesten duen talde bateko abeslaria da. Iazkoan, gisa horretako beste talde baten bira jarraitzeko aukera eskaintzen zuen Green Room interesgarria ikusi ahal izan zen Bilboko FANTen. Orduko hartan, neonaziek The Ain't Rights hardcore punk taldeko kideak banan-banan akabatzeari ekin zioten, baina oraingo honetan familiako eta amodiozko kontuak ditugu hizpide.

Hardcore musika maskulinitate hegemonikoaren adierazle garbia da, nahiz eta eszena horretako kide askok anarkismoa, beganismoa eta feminismoaren gisako kausen aldeko jarrera erakutsi. Emo estiloa, esaterako, erabat gaitzesgarria da; izan ere, emozioak besteen aurrean naturaltasunez adieraztea ez da egokia. Zaratak, alkoholak bezalaxe, norberaren barnekoa entzutea galarazten baitu. Zorionez, Vincent 24 urteko mutil sentibera da, eta aitaren onarpena baino ez du desio. Baina bien arteko harremana gaiztotu egingo da aitak neska-laguna duenetik, semeari etxetik alde egiteko eskatuko baitio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.