Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Tijuana

2018ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Tijuana ez da azken geltokia, baina hara iristea asko da. Galdetu, bestela, ailegatu direnei, azken hamarkadan Mexikon aurkitu dituzten 2.000tik gora hobietatik libratu direnei, talde kriminalek kudeatzen dituzten hilobietatik. Tijuana bidea da oraindik ere, baina bada helmuga bat, oihan idorrean den lasterketarik arriskutsu eta zoroenetakoaren amaiera; garaipen handia da, lapurretak, bortxaketak, bahiketak eta hilketak gainditzea lortu dituenarentzat. Iritsi dira batzuk karabanan, nahiz eta senide, lagun eta bidaideak utzi behar izan dituzten bide bazterretan. Eta iritsiko dira egunero-egunero beste batzuk, eta beste asko ez.

Iristen direnek ez lukete lortuko jenderik egongo ez balitz bidean, jatekoa, edatekoa, babeslekua, aholkua eta sosegua ematen; mafien menpeko estatuen hutsunea betetzen duen jende hori ez balego, beti nahi baino gutxiago eskainiz, baina apur hori emanez aurrera egiteko.

Eta orain zer? Nola egin jauzi amestutako iparraldera daraman harresia? Nola saihestu mugaren mugan diren asilo eskatzaileez jositako kanpalekuak, kontzentrazio esparru bilakatuak? Nola ez erotu Tijuanan edo Lesbosen, krisi humanitarioa krimen antolatuaren esku dagoen bitartean, han eta hemen? Baina gaur Tijuanara iritsi denak amets bat izango du, datorkiona ez dakienaren ilusioa, atzean utzitakoak ez baitio beste aukerarik ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.