Haur bihurriaren zirika jolasa

Juan Kruz Igerabidek 'Labur txintan' hirugarren aforismo liburua plazaratu du. Gai unibertsal askotarikoei itzuri egiten saiatu da, egile klasikoak makulu hartuta sarri
Juan Kruz Igerabidek atzo aurkeztu zuen <em>Labur txintan</em> aforismo liburua, Donostian.
Juan Kruz Igerabidek atzo aurkeztu zuen Labur txintan aforismo liburua, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Gorka Erostarbe -

2017ko irailak 15
Pentsamenduari bihurritu bat ematea. Edo, bere hitzak erabiliz, «mutiko bihurriarena egitea», hau da, aurrekoek ezarritako pentsamenduari «beste buelta bat ematea». Edo ez derrigorrean ere aurrekoei, baizik eta garaian-garaian ezarritakoari, eta are, norberak bere buruari ezarritakoari. Eta, gainera, printza laburren bidez, esaldi bakar batez, kolpe batez. Hartatik izenburua: Labur txintan. Juan Kruz Igerabidek Pamiela etxearekin plazaratu berri duen aforismo liburua da.

Lehen ere erakutsiak ditu gogoeta sakonak esaldi laburren bidez azaltzeko zaletasuna eta gaitasuna. Lehen ere erakutsia du aforismoekiko apeta. Herrenaren arrastoan argitaratu zuen 1998an, eta Egia hezur 2004an. Biak ziren aforismo liburuak, eta biak argitaratu zituen Alberdania etxearekin. Geroztik, nobelak, poema liburuak eta haur eta gazteentzako literatura landu ditu batik bat, baina, harrezkeroztik ere, ez dio utzi laburrean luze pentsatzeari. 2004tik idatzitako aforismoak koadernoetan eta gaika sailkatuta gordez joan da. Eta haietako zenbait plazaratu ditu orain. Irakurleak 700dik gora aforismo topatuko ditu liburuan. «Gehiago ere baziren, baina ideia beraren inguruan egon zitezkeen dozena bat igual, eta haien artean aukeraketa bat egin dut».

Liburuaren azalean, Cincinnatiko liburutegi publiko zaharreko (Ohio, AEB) irudi bat agertzen da, 1874koa —1955ean izan zen eraitsia—, eta haren gainean idatzita, pentsamenduaren eta literaturaren historiako hainbat izen handi. Hipokrates mediku greziarretik hasita, Heraklito eta Parmenides Grezia klasikoko filosofoekin segituta, Hobbes, Spinoza, Kierkegaard, Nietzsche eta Steiner modernoagoetatik pasatuta, Montaigne, Mallarme, Rilke, Kafka, Cioran, Genet eta Pessoa literatoak aipatuz, eta Einstein nahiz Pascal zientzialariei eta Tom Waits musikariari ere leku eginda —beste asko ere badira liburuan—. «Jakina, ez ditut hor jarri neure burua beraiekin parekatzeko, baizik eta babes modura hartu ditut».

Babes, abiapuntu eta akuilu. Baina baita zirikatzeko erreminta gisa ere. «Antzina, aforismoak gehiago erabiltzen ziren zientzia eta jakituria ezartzeko, kritikatzeko eta hausteko baino. Baina, aro modernotik aurrera, aurrekoen pentsamenduari azpildurak ateratzeko erabiltzen hasi ziren. Pentsamendu ezarriari buelta emateko beharrak akuilatu du aforismoa geroztik. Eta, gaur egun, aforismoen aforismoak ere egiten dira», adierazi zuen Igerabidek, atzo, Donostian egindako aurkezpenean.

Hala, esaterako, zirika egiten dio Montaigneri: «Jaioberriak badu hiltzeko bezainbateko adina (Montaigne), ez, ordea, hiltzeko behar adinako adina». Edota Parmenidesi: «Ez dena esatea da esatea (Parmenides). Badiot, beraz ez da. Pentsatzen ari naiz, beraz ez naiz». Eta Kierkegaardi: «Gizaki guztiak jasanezinak dira (Kierkegaard), filosofoak barne».

Arrakalak sistemetan

Historikoki pentsamendu sistemak ezarri dituzten arloek pitzadurak dituzte gaur egun, Igerabideren hitzetan, eta haiei behar adina buelta emateko genero egokitzat dauka aforismoena. «Politikak, hezkuntzak, erlijioak, zientziak... ez dizkigute ematen esplikazio osoak, garai batean eman zitzaketen bezala, eta pentsamendu nagusi horietako zenbaiti buelta ematen saiatu naiz».

Hamabi koadernotan bildu zituen aforismoak, eta hamabi ataletan banatu ditu liburukoak ere. Gizarte gaien inguruko kritika egiten du Giza-legearen koaderno ausazkoa-n; hezkuntzaz ari da Educatio non petita-n; heriotzari buruzko gogoetak datoz 'Post-mortem' kaiera-n; eguneroko gauzen psikologiaz dihardu Norabideen psikokaiera-n; arteaz Arte koaderno minimoa-n, eta poesiaz Poetika minimoa-n; idazteari buruzko jardunaz Zizipazaren koadernoa-n; irudimenaren jolasaz Gezurra apainduz-en; zientziaz Zer-nolakoen koadernoa-n; erlijioaz Jaikontiar komediaren koadernoa-n; umoreaz Umorez gerotik gerora-n; eta bizitzaren aurreko jarrera kontenplatiboaz Landareen patxada azkenengoan. Erlijioari dagokion atalekoa da hau: «Erlijioek kontsolamendua eskaintzen dute, jaio izanagatik ere errudun sentiarazi eta gero». Hezkuntzaren atalekoa, berriz, beste honako hau: «Adimen-koefiziente altuak ez ditu saihesten adimen-koefiziente altuko ergelkeriak».

Probokazioa dute makulu liburuko aforismoetako askok: «Ez dira iritzi kontuak, agertzen diren iritzietako asko kontrajarriak baitira. Pentsamendu bakoitzari buelta bat ematea da kontua, baina erlatibismo erabatekoan erori gabe, eta jakinik norberaren pentsamenduari buelta ematea dela zailena».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna