Gorka Azkune.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Pentsamenduak irakurtzen

2019ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
EHUko Konputazio Zientzieneta Adimen Artifizialaren saileko irakaslea

Pertsona baten pentsamenduak irakurtzeko ahalmena edukitzea beti izan da desiragarria gizakiontzat. Ikusi besterik ez zenbat zientzia fikzio ala fantasiazko film eta nobelatan agertzen diren gaitasun hori duten pertsonaiak edo makinak. Zenbat gauza egin ahalko genituzkeen ondokoaren pentsamenduen jabe bagina, ezta? Hori bai izango litzatekeela pribatutasunaren amaiera! Halakorik gertatzen den egunean—gertatzen bada inoiz, noski— gizakiok ez dugu izango non ezkutatu. Ez dakit nik horrelako mundu batean bizi nahiko nukeen...

Gaur ekarri nahi dizuedan aurrerapena bide horretatik doa, baina baditu oraindik hainbat muga garrantzitsu. Aurreko astean argitaratu zen artikulu batean, Columbiako Unibertsitateko ikertzaile batzuk gizakien pentsamenduak irakurri eta hitz bilakatzen dituen teknologia garatu omen dute. Harri eta zur geratzeko moduko albistea, zalantzarik gabe. Ez larritu oraindik, ordea, ez baitute edozein pentsamendu irakurtzen. Badirudi pertsona batek bere burua hitz egiten irudikatzen duenean, bere garunean hainbat seinale patroi sortzen direla, hizketan ariko balitz bezala. Hots, nik nire buruari «BERRIArentzako zutabea idatzi behar dut gaur» esaten badiot, garunean agertzen diren seinale patroiak benetan esango banu bezalakoak ei dira. Ikertzaile horiek seinale horiek jasotzen dituzte, eta, neurona sare artifizialak erabiliz, ahots bilakatzen dituzte.

Pare bat gauza interesgarri, nire iritzian: alde batetik, oraindik ere gure pentsamenduak sekretupean gorde ditzakegu (eskerrak!). Nik ez badut nire burua irudikatzen hizketan, ezingo dute nire pentsamendua hitz bihurtu. Beraz, zutabe honen sarreran aipatu dudan mundu horretan ez gaude, oraingoz behintzat. Beste aldetik, adimen artifiziala, eta konkretuki neurona sare artifizialak beharrezkoak izan dira teknologia hori garatzeko. Kasu honetan, ikertzaileek hainbat pertsonaren garunetako seinaleak bildu dituzte, esan nahi zutena galdetu ondoren. Horrela, datu base handi bat biltzeko gai izan dira. Neurona-sare artifizialek datu base horretan oinarrituz ikasi dute garuneko seinale horiek ahots bilakatzen. Gaurdaino egindako beste saiakera batzuek lortu ez duten moduko kalitatea lortu dute teknika horien bitartez.

Aurrerapen horrek hainbat ate ireki ditzake ahots bidez komunikatu ezin diren pertsonentzat. Ez dezagun ahantzi gizakiontzat ahots-bidezko komunikazioa zeharo garrantzitsua dela. Pentsa ezazue bestela zuen egunerokoan nola moldatuko zinateketen ahotsik gabe. Teknologia berri hau gehiago garatzen bada eta edozeinek erabiltzeko moduko aparatu bat moldatzen badute, ahotsik gabe geratu diren horiek izango dute hitz egiteko modua. Hori aurrerapauso galanta litzateke, alajaina. Oraindik bide luzea dago aurretik hainbat esparrutan: garunaren aktibitatea irakurtzeko aparatuak ezin dira kalera atera, adibidez; egin diren saiakerak batez ere zenbakiekin egin dira (pertsonak 1etik 10era zenbatzen eta antzeko gauzak). Baina oinarriak jada hor daude. Espero dezagun etorkizun ez oso urrun batean ezagutza berri hori probesten duten aparatuak ikustea, eta hitz egin nahi duenak ez dezala trabarik izan hitz egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.