KRITIKA. Musika

Sakelako eraginkortasuna

Elena Sancho sopranoa, artxiboko irudi batean. ELENA SANCHO.
2021eko ekainaren 30a
00:00
Entzun

'Il re pastore'

Zuzendariak: Jose Luis Estelles (musika), Guillermo Amaya (eszena). Bakarlariak: Arantza Ezenarro (Aminta), Elena Sancho (Elisa), Paula Iragorri (Tamiri), Antoni Lliteres (Alexandro Handia), Imanol Laura (Agenor), Gerardo Quintana (antzezlea). Orkestra: Musikeneko Master Orkestra. Egitaraua: W. A. Mozarten Il re pastore KV 208. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Ekainak 26.

Donostia Musika elkarteak maiz taularatzen ez den Wolfgang Amadeus Mozarten opera bat ekarri du aurtengo Ganbera Musika Astean, ekoizpen xume zein eraginkor batean. Erdi-eszenaratua izanik, obraren zati musikalak bere horretan mantendu, eta errezitatiboak antzezle baten narrazioekin ordezkatu ziren.

Soilik 19 urte zituela konposatu zuen Mozartek Il re pastore, 1775an, Maximiliano Frantzisko Artxidukeak Salzburgora egindako bisita zela eta. Gertakariak Fenizian kokatzen dira: Alexandro Handiak Sidon hiria azpiratu eta Stratoren tiraniatik askatu ondorengo tronuaren oinordekoaren bilaketa kontatzen da. Pietro Metastasioren libretoan, lurrin bukolikoz kutsatuta, maitaleen gurutzaketek maitasunaren eta betebeharraren arteko gatazkan lehentasuna non den erabakitzearen gaia txertatzen da. Denera, opera serio bezain estatikoa dela esan genezake, ez baita ez giro aldaketa handirik, ez ekintza sutsurik ageri. Guillermo Amayaren proposamen eszenikoak gelditasun horri eutsi zion: bakarlari bakoitza zirkulu zuri batek mugatutako saloi batean eserita, arietan pixka bat mugituz, eta begirada publikotik at kokatzen zen puntu batean mantenduz ia beti. Soilik Gerardo Quintanaren deklamazioek piztu nahi izan zituzten emozioak.

Musikari dagokionez, Musikeneko Master Orkestrak sostengu ona eman zuen fosotik, nahiz eta tarteka fintasun falta sumatu zen. Elena Sanchoren ahotsa goxoki gailendu zen Elisaren paperean; Barbaro, oh Dio, mi vedi arian, esaterako, arintasuna eta bizitasuna batu zituen aise. Arantza Ezenarro sendo agertu zen Aminta artzain-erregearen azalean, eta L'amerĂ², sarĂ² constante aria ezagunean edertasun handiko uneak eskaini zituen. Paula Iragorrik Tamiri mindua aurkeztu zuen, erdiko erregistroan dotorezia eta duintasuna haragiztatzen zituena, eta Antoni Lliteresek ongi irudikatu zuen Alexandro Handiaren irmotasuna, koloraturak brotxa lodiz marraztu zituen arren. Nota altuetan izan zituen arazoak alde batera utziz, zuzen ibili zen Imanol Laura. Sakelako opera, josturak tenkatu gabe eroso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.