Datorren asteko estreinaldiak

Fabrikako nagusi atsekabetua

Stephen Brizek lan arloko istorio bat kontatu du beste behin 'Un autre monde' filmean, Vincet Lindon aktorearekin

Vincent Lindonek jokatzen du rol protagonista Un autre monde filmean. BERRIA.
urtzi urkizu
2022ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Lan munduak eragindako estresak eta bikote harremanen hausturak fikziozko hamaika istoriotarako eman dezakete, eta Un autre monde-k gizarte garaikideak harremanen egonkortasunean eragiten dituen zailtasunak erretratatzen ditu. Horretarako, ondo jositako gidoi baten beharra zuen ekoizpenak, eta Stephane Brizek Olivier Groceren laguntza izan zuen gidoia ontzeko.

Brizek berak zuzentzen du drama —Bretainiako hiriburu Roazhonekoa da—. Eta plaza interesgarri batean estreinatzeko aukera izan zuen: Veneziako zinema jaialdiaren Sail Ofizialean. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako aretoetan estreinatu zen gero, eta datorren astean iritsiko da Hego Euskal Herrira.

Ez zuen saririk lortu Venezian. Eta zenbait kritikarik aipatu dute grisegia dela istorioari Brizek eskainitako begirada, errealitate soilegia dela pantailan islatzen dena. Baina badu beste bertute bat pelikulak: Vincent Lindon aktore frantsesak jokatzen du rol protagonista. Fabrika baten zuzendariarena egiten du Lindonek. Lan arloko betebeharrak eta zailtasunak jasaten ditu pertsonaia protagonistak. Eta, bestetik, emazteak bikote harremanari amaiera ematea erabaki du. Nekez irudika daiteke tankera horretako pertsonaia batentzat Lindon baino aktore egokiagorik.

Iraupena ere neurrikoa du filmak, ordu eta erdikoa; izan ere, azkenaldian beharrik gabe luzatzen diren pelikulak ari dira gailentzen sarriegitan.

Brizeren ibilbide mamitsua

Frantziako hiriburuan egin du zinemagintzako bidea Bretainiako Stephane Brize zinemagileak. Aktore, gidoilari eta ekoizle ere bada —antzerkian eta telebistan eman zituen sorkuntzako lehen pausoak—.

Zuzendu dituen lanen artean nabarmenena, ziur aski, La loi du marché da (2015). Cannesko zinema jaialdian Sail Ofizialean lehiatu zen, eta horrek aukera eman zion ekoizpena herrialde askotara zabaltzeko. Vincent Lindon izan zen orduko hartan ere aktore protagonista, eta Cesar saria eraman zuen pertsonaia horri esker.

Ondotik, 2016an, XIX. mendean girotutako istorio bat kontatu zuen Une vie filmean —Guy de Maupassanten eleberri batean oinarrituta zegoen istorioa—. Baina hotz samar utzi zituen ikus-entzuleak.

Un autre monde-ri ekin aurretik, beste lan bat zuzendu zuen Brizek: En guerre (2018). Horretan, Lindon berriz aktore nagusi. Eta horretan ere lan munduko aferak soiltasunez erretratuak. Autoen fabrika baten inguruko istorioa da En guerre. Langileek soldata jaistea onartuko dute, enpresak itxi ez dezan. Baina, azkenean, konpainiak fabrika ixtea erabakiko du, eta langileak altxatu egingo dira, Lindonen pertsonaia buru dutela. En guerre Cannesen aurkeztu zuten.

Agerikoa da, beraz, Brizeren fikzio askotan lan munduarekin lotutako aferak kontatzen direla. Hala ere, testuingurua aldatu egiten da istorio bakoitzean. Frantziako zinemagintzan erraz antzeman daitekeen ahotsa bilakatu da dagoeneko Brizerena. Badira leporatzen diotenak istorioetan gehiegi errepikatu eta azpimarratzea. Baina aitortza ere jasoa du, eta zinemagileak aukera izango du datozen urteetan zinema jaialdietara eta aretoetara bere begirada eramateko.

'UN AUTRE MONDE'
Zuzendaria. Stephane Brize.
Aktoreak. Vincent Lindon, Sandrine Kiberlain, Anthony Bajon, Marie Drucker, Olivier Lemaire.
Herrialdea. Frantzia.
Iraupena. 96 minutu.
Generoa. Drama.
Estreinaldia. Maiatzaren 13an estreinatuko dute Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.