Boterearen azken notak

Todd Field estatubatuarrak Lydia Tar orkestra zuzendariaren mundua eta boterearen erabilera irudikatu ditu Tár film luzean, hamasei urteko isilunearen ondoren

Cate Blanchett (Lydia Tár), orkestra zuzentzen. FOCUS FEATURES.
Uxue Arzelus Lasa.
2023ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Lydia Tar orkestra zuzendaria da Berlingo Filarmonikan. Irakaslea da New Yorkeko Juilliard eskola ospetsuan. Konpositorea ere bada. Eta idazlea. Irabazi ditu Grammy, Emmy, Oscar eta Tony sariak. 6 urteko alaba bat du orkestrako lehen biolinarekin, eta bere bizitza profesionala aldatuko duen sinfonia bat grabatzear da.

Tár botereari buruzko film bat da. Boterea lortzeko egin beharrekoak, botere hori mantentzeko egin beharrekoak, eta botere hori neurrigabe erabiltzeak dakartzan ondorioei buruzkoa. Todd Field zuzendariak orkestra zuzendari manipulatzaile bat erakusten du, nagusikeriaz jokatzen duen emakume bat, bere bizitza eta inguruko pertsonak orkestra bat izango balira bezala zuzentzen dituena.

Kazetari batekin izandako elkarrizketa luze batek emango dio hasiera filmari, eta bertan aurkeztuko da filmaren protagonista izango den orkestra zuzendaria. Sektoreari buruzko galderen segida batek definituko du pertsonaia, eta detaileetan oinarritzen den filmak zehaztuko du zein den Lydia Tar. Kritikak Fielden obrak duen dotorezia eta zolitasuna azpimarratu ditu, eta goraipatu du jenio baten abusuak eta horien ondorioak sentsazionalismorik gabe kontatzea, askotan dramatik baino terrorezko film batetik gertuago dagoen istorio batean.

Galadriel, Dylan eta Tar

Cate Blanchett australiarra antzerkian hasi zen, Sydneyn. David Mameten eta Shakespeareren obrekin hainbat sari eskuratu ondoren, telebistara egin zuen salto, ABC telebista katerako egindako lanekin. 1997. urtean iritsi zen zinemetara, Paradise road filmarekin, eta ordutik 50 film baino gehiagotan hartu du parte. Blanchett izan da Elisabet Ingalaterrako erregina Shekhar Kapur zinemagilearen izen bereko bi filmetan; Galadriel elfoen erregina The Lord of the rings sagan; Carol Aird, Todd Haynesen film luzean. Izan da dibortziatu berri den Jasmine emakume aberatsa; Daisy, Benjamin Buttonen bikotea; Katharine Hepburn; Bob Dylan; eta, azkena, Lydia Tar.

Todd Fieldek aitortu du pertsonaia idazteko garaian Cate Blanchett zuela buruan, eta hark filmean parte hartzea onartu izan ez balu proiektua bertan behera geldituko litzatekeela. Izan ere, Blanchettek istorioaren zama darama bizkar gainean, eta gorrotagarria izan daitekeen pertsonaia batekin ikuslearen ikusmina irabaztea du erronka. Fielden zuzendaritzarekin batera, bikote horrek sortutako orkestraren indarra dira Tár filmaren hezur muina.

Me Too mugimendua

2017an Harvey Weinstein zine produktorearen abusuen harira hasitako Me Too mugimenduaren testuinguruan kokatuta dago Tár filma. Hollywood eta sormen industrien baitan ematen ziren erasoen salaketa bultzatu zuen mugimenduak, eta horren ondorioz heldu zen cancel culture deiturikoa ere: jende ospetsuak egindako edo esandakoengatik babes sozial, ekonomiko edo morala erretiratzea.

Bada, Lydia Tar izango da cancel culture delakoaren protagonista: egin dituen abusuek bere bizitza profesional eta pertsonalaren gainbehera ekarriko dute. Fieldek erasotzailearen paperean emakume lesbiana bat jarri du, eta horrek aldeko eta kontrako iritziak ekarri dizkio. Bestalde, filmak gaiarekiko eta bere protagonistaren jokabidearekiko duen iritzia argi gelditzen ez den zerbait da, eta horrek ere mesfidantza eragin du.

'TáR'
Zuzendaria: Todd Field.
Gidoilaria: Todd Field.
Aktoreak: Cate Blanchett, Nina Hoss, Mark Strong.
Argazkia: Florian Hoffmeister.
Generoa: Drama.
Urtea: 2022.
Iraupena: 158 min.
Herrialdea: Ameriketako Estatu Batuak.
Estreinaldia: Urtarrilaren 25ean estreinatuko da Iparraldean, eta 27an Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.