Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Aldaketarik ez borrokarik gabe

2020ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Asteburuan El hoyo filma ikusi dut. Galder Gaztelu-Urrutia (Bilbo, 1974) zinemagilearen zientzia-fikziozko opera prima. Lan horregatik saria jaso zuen iaz, Torontoko zinema jaialdian; Midnight Madness sailean publikoaren saria eman zioten. Horrez gain, Sitgesko zinemaldian film onenaren saria ere irabazi zuen. Halere, irakurri dudanaren arabera, El hoyo nahiko oharkabean pasatu da jaialdi askotatik, eta ez du arreta handirik bereganatu. Netflix streaming plataformara iritsi arte.

Toronton hitzartu zituzten filmaren mundu mailako emisio eskubideak plataformarekin. Eta itxialdi garai betean estreinatu dute, martxoaren 20an; egun gutxian, gehien ikusitako lehen hamar filmen artean kokatu da.

Pelikulak kapitalismoaren gaineko kritika sakona egiten du, zulo batean eta hainbat mailatan banatuta dauden lagunen arteko liskarrak kontatuz. Maila bakoitzean bi pertsona daude, eta egunero pasatzen da plataforma bat janaria banatzeko. Printzipioz, denentzat dago, baina plataforma beheko mailatara iritsi orduko, apenas geratzen den janaririk. Horrek «klaseen arteko borroka» pizten du. Zuloan harrapatuta dauden pertsonek elkarrekin lan egitea adostuko balute, soilik beharrezko duten jana hartuta, sufrimendu gutxiago izango lukete.

El hoyo-ren mezua ezin aproposagoa da bizi dugun pandemia garaian; izan ere, ezberdintasun sozialak inoiz baino biziago daude orain. Gehiegi eta nahikorik ez dutenen arteko aldea, hain zuzen. Plataforma horretan aurpegiko maskarak eta arnasgailuak jarriko bagenitu, eztabaida edo borroka bera izango genuke. Gaztelu-Urrutiaren filmak mezu zehatza proposatzen du amaieran: gizateriaren itxaropena belaunaldi gazteak dira. Istorioaren arabera, haiengan da gure egungo bizimodua aldatzeko aukera.

Konturatu gabe pasatu zitzaizkidan filmaren 94 minutuak. Lokalizazio bakarreko istorioa. Gidoia bizia da, hasieratik bukaeraraino. Elkarrizketa ugari daude, eta, egia esan, ez dago atsedenerako tarte handirik. Bereziki amaiera aldean, non bi protagonista nagusiek plataforma sistemaren aurkako borroka hasten duten. Horren galdera honako hau da: zer egingo dut nik, nagoen lekutik, gizartea agintzen duen egitura berekoiari aurre egiteko? Mezua argia da: ez dago aldaketarik borrokarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.