Harrotasuna duen artea

'Sexu aniztasunaren aldeko euskal artea' erakusketa zabaldu dute Bilbon, LGTBI kolektiboko bederatzi artistaren lanak biltzen dituen egitasmoa. Artistek nabarmendu dute kosta egiten dela aldarrikapen horiek arte galeria eta museoetara iristea, baina erakusketa honek horretan lagun dezakeelakoan daude.
<b>Cachorro Lozano.  </b>Traparango artistak (Bizkaia) gizon batzuk erretratatu ditu euskarri handiko lanean.
Cachorro Lozano. Traparango artistak (Bizkaia) gizon batzuk erretratatu ditu euskarri handiko lanean. ARITZ LOIOLA / @FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko ekainak 21
Mendeetan, LGTBI mugimendua zentsuratu eta debekatu egin dute, eta, horrekin batera, baita berekin zekarren arte sorkuntza bera ere. Hala ere, artearen historian asko dira kolektibo horretako kideak. Errenazimentuaren ikur nagusi izan zen Michelangelo Buonarroti, esaterako, homosexuala omen zen, eta gaur egungo ikerketa ugari artelan askoren inguruko berrirakurketak egiten ari dira. Izan ere, kolektibo horren errepresentazio asko egin dira artean, baina XX. mende erdialdetik aurrera hasi ziren aldarrikapen horiek modu argian adierazten. «Garai batean, zentsurarekin, artistak euren askatasuna ahal zuten moduan sartzen saiatzen ziren; orain, askeago egiten dute lan». Unai Goikolea Bilbao Bizkaia Pride-ko arte eta kultura koordinatzailea da, eta aste honetan Arte Pride egitasmoaren barruan zabaldu duten Sexu aniztasunaren aldeko euskal artea erakusketan egin ditu adierazpen horiek. Bertako komisario ere bai baita.

LGTBI kolektiboaren errealitateak erretratatu edo irudikatzeko dagoen askatasun horren lekuko da Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoan jarri dituzten artelanak. Euskal Herrikoak diren edo bertan lan egiten duten eta bizi diren bederatzi artistaren lanak daude ikusgai, eta denetariko errealitateak irudikatzen saiatu dira, Goikoleak azaldu duenez: «Emakumeen arteko harremanak, genero nortasunaren hainbat ikuspuntu, trabestiak, transformistak... Guztion artean horri buruz hitz egitea da asmoa, Bilbao Bizkaia Pride jaialdi sozial eta kultural bat baita, eta gure lana egun hauetan sentsibilizatzea eta informatzea baita». Eta, horrekin guztiarekin batera, baita ospatzekoa ere.

Baina aldarrikapena dago ospakizun horren guztiaren atzean, era argi batean azaldua, gainera. Eduardo Gaviña argazkilariak bi erretratu jarri ditu erakusketan, eta horietan zerbait kontatu beharra sentitu duela dio: «Falokrazia izena duen lanean, egungo matxismoa utzi nahi izan dut agerian, dena baita nork duen falo handiena; horren aurka borrokatu beharra daukagu». Artelana aurkezterakoan, artearen beraren funtzioa utzi du agerian: «Gobernuek gauza batzuk azaltzen dituzte, eta gu beti saiatzen gara beste bide batzuetatik joaten, gauzak beste bide batzuetatik azaltzen. Oso polita da hori lortzea».

Baina, LGTBI kolektiboak bere adierazpena modu askean azaltzea lortu badu ere, hainbat esparrutan oraindik ez dira ikusten Sexu aniztasunaren aldeko euskal artea erakusketan dauden gisako artelanak. «Artearen izenean errealitate batzuk ez dira erakusten hain erraz, eta artistek zailtasunak dituzte horiek erakusteko. Guztion kontua da LGTBI kolektiboaren egoera, eta denekin hitz egin behar dugu errealitate horiek erakusteko: museoekin, galeriekin...». Horregatik, Goikoleak uste du era horretako erakusketa batek egungo jarrera batzuk aldatzen lagundu dezakeela.

Antzera uste du Eduardo Sorrouile artistak ere. Erakusketan bere lan batzuk jarri ditu ikusgai, eta, haren argazkietan LGTBI kolektiboaren aldarrikapenak ohikoak ez diren arren, errealitate hori bizi duen heinean hor daudela dio. «Nire lagunak erretratatzen ditut, eta erakusketa honen ildoarekin zerikusia zutelako hautatu ditut». Baina berak gogoeta egin du kolektiboaren errepresentazioari buruz ere: «Ikusgarri egin beharra dago, teoria denok baitakigu, baina gero errealitatean egoera zail asko bizitzen dira». Horregatik, uste du erakusketa honekin aukera egongo dela kolektiboaren egunerokoa azaltzeko, eta hori interesgarria egiten zaio. «Artea interesatzen zaion jendeari iritsi behar zaio, denon ardura delako».

Handituz doan bidea

Iazko LGTBI harrotasunaren egunaren harira antolatu zuten lehen aldiz gisa honetako lehen erakusketa Bilboko San Frantzisko kalean dagoen Expogela aretoan. Orduko hartan, ordea, sei artistaren lanak aurkeztu zituzten, eta, horrekin, hazten ari da egitasmoa, Goikoleak azaldu duenez. «Oraingoz, argazkiak, diseinua, margoak eta moda erakutsi ditugu bakarrik, baina teknika aniztasun handia dago kolektiboan ere, eta horiek erakusten joatea litzateke asmoa», Goikolearen arabera. Horregatik, iaz abiatu zuten egitasmoa handitzea litzateke helburua, eta artista gehiagorekin osatzea hurrengo urteetako erakusketak. «Jende gehiago sartzeaz gain, egitasmoan sakontzeko eta hobetzeko baliatuko dugu». Eta horrek guztiak balio dezake, beharbada, museo eta arte galeriei erakusteko zelako aniztasuna dagoen gaiaren inguruan.

Arte Pride egitasmoan, ordea, eskaintza kultural zabalagoa ere eskainiko dute asteburu osoan. Expogela aretoan, esaterako, Warren Olmer artistaren erakusketa bat egongo da ikusgai, eta bihar, Louise Michel liburu dendan, mahai ingurua egingo dute Susana Martin, Teresa Castro eta Kike Infame egileek, Harrotasunerako binetak lelopean. Horretaz gain, Zinema Pride zikloa ere osatu dute, eta hainbat film proiektatuko dituzte asteburu osoan.

«Aurtengo Bilbao Bizkaia Prideren programazioa inoizko kulturalena izango da», Goikolearen arabera. Horrela, hainbat arte diziplinatik bideratuko dituzte LGTBI kolektiboaren hainbat aldarrikapen, era horretan mezua gizartera irits dadin. Izan ere, horretarako beharra dagoela sentitzen du Sorrouillek: «Teorian, denok gara gaiarekin toleranteak, baina errealitatea bestelakoa da, eta hori aldatzeko lan handia dago egiteko oraindik». Horretarako balio dezala erakusketak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna