Albistea entzun

Zientzia. ARGI ALDIAN

Min dut bihotzean

Ana Galarraga Aiestaran - Elhuyar Zientzia

2018ko abenduak 21

«Min dut bihotzean», dio batek, sentitzen duen minaren neurria lagunari ulertarazteko, hain da min sakona eta egiazkoa. Beste bati amorruak habia egin dio tripetan; eta hango hark burua lehertzear du, kezkak gain hartuta.

Adibide horiek garbi erakusten dute sentimenduek beren lekua dutela gorputzean, batzuek behintzat. Baina zenbateraino dira metaforikoak? Zergatik lotzen ditugu sentimendu eta emozio batzuk gorputz-atal jakinekin: hala esaten ikasi dugulako, edo benetan adierazten du gure gorputzak, seinale fisikoen bitartez, sentimendu edo emozio baten nolakotasuna? Ez al dira denak garunean gertatzen?

Finlandiako Turku Unibertsitatean urteak daramatzate emozioen eta gorputzaren arteko lotura ikertzen, eta ez dute zalantzarik: sentimenduek beren lekua dute gorputzean. Are gehiago, berriki, sentimenduen mapa aurkeztu dute.

Mapa osatzeko, mila parte-hartzaileren baino gehiagoren informazioa aztertu dute. Batetik, inkesta bidez, haien iritzi subjektiboak jaso dituzte, eta, bestetik, garun-jarduerari buruzko datuen analisia egin dute. Horrekin guztiarekin, sentimendu eta emozioak sailkatu dituzte eta non kokatzen diren ikusi dute.

Hala, sentimenduen jatorriari erreparatuta, bost multzotan banatu dituzte: emozio positiboek sortutakoak, emozio negatiboetatik datozenak, prozesu kognitiboen ondoriozkoak (zerbait entzutean edo gogoratzean sortzen direnak, besteak beste), egoera somatikoak eragindakoak (gaixo gaudenean azaltzen direnak) eta homeostatikoak (gosea edo egarria, adibidez).

Eta zer leku hartzen dute gorputzean? Oro har, zenbat eta gertuagokoak izan bi sentimendu, orduan eta gertuago daude mapan ere. Batzuen tokia erraz ezagutzen da: gosea sabelean, egarria eztarrian eta arrazoia buruan. Beste batzuena, berriz, ez da hain senezkoa: elkartasuna eta aitortza (sentimendu positiboak), eta errua eta etsipena (negatiboak), bihotzean sentitzen dira gehienbat, baina baita buruan eta sabelean ere. Gauza bera gertatzen da guraria eta nekearekin; aurkakoak izan arren, leku berean sentitzen dira: gorputz osoan.

Bestalde, norbere buruaren kontrola buruan eta eskuetan sentitzen da; eta haserreak eta suminak ere badute tokia eskuetan. Hain zuzen, ohikoa da eskuak mugitzea haserrea adieraztean.

Horrenbestez, ikertzaileek ondorioztatu dute sentimenduak gorpuztuta daudela. Haien ustez, litekeena da, eboluzioan, sentimenduak sortu izana norberari eta inguruneari buruzko informazioa transmititzeko gorputzari; gorputzak jakin dezan gaixo dagoela, edo on egiten dion egoera bat dagoela inguruan... Horrez gain, emozio positiboak ongizatearekin lotuta daudela nabarmendu dute, eta, alderantziz: negatiboak gaixotasunekin erlazionatzen dira. Horrenbestez, erlazio hori ondo ezagutzea lagungarria izan daiteke ongizate fisiko eta psikikoa lortzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Argazkiak badauka benetakoaren zigilua, eta hitzek ez»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Argazkilaritza dokumentalean sinisten du Morelesek: «Informazioa edukitzea kontzientzia edukitzea da, eta horrek ekitera eramaten zaitu». 'Urtzearen aztarna' paratu du Donostian, klima aldaketaz ohartarazteko.
 ©JON URBE / ARGAZKI PRESS

Basogintza eredu berri baterantz

Unai Etxenausia

Ez dago «baso perfektua» sortzeko errezeta magikorik, aldakorra baita Euskal Herriko paisaia. Errez kooperatibako kideak eredu berri bat ari dira lantzen eta proposatzen: baso bakoitzak espezie autoktonoak eta genetika ezberdinekoak izan behar dituela diote, «baso irregularrak» bihur daitezen.
 ©IKER MARKINEZ

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.