Telesailak

Errautsetatik berpiztu nahian

Lau urteko etenaldiaren ostean, denboraldi erabakigarria izango da 'True Detective' antologiazko telesailaren hirugarrena

Carmen Ejogo aktorea da hirugarren denboraldiko protagonistetako bat. BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
2014. urtean estreinatu, eta berehala igaro zen telesailen olinpora True Detective. Argitu gabeko hilketaren istorioaren inguruko hamaika teoria garatu zituzten jarraitzaileek sare sozialetan, eta fenomeno mediatiko bilakatu zuten, atalen berezko narraziotik harago joan eta mitologia propioa eraikitzeraino. Krimenezko narratiban trebaturiko Nic Pizzolato idazlearen eta, emanaldiko zortzi atalak zuzenduz, autorezko estiloa txertatu zuen Cary Fukunaga zinemagilearen arteko elkarlanak urrezko fruitua eman zuen.

Fukunagak proiektuari agur esan ostean plazaratu zuten bigarren denboraldia, zazpi zinemagilek gidaturiko atalez osatua; baina bizkarra eman zioten kritikak zein publikoak. Kolpe gogorraren ondorioz, lau urte eman ditu AEBetako HBO kateak etorkizuneko telesail izarra zirudiena berpizte lanetan. 2015. urteko segidak sorrarazi zuen zirraratik urrun bada ere, jakin-min handia sorrarazi du hirugarren emanaldiaren etorrerak. Izan ere, hil ala biziko unea da honako hau True Detective telesailarentzat.

Bada, lehen denboraldiaren arrakastari eutsi nahian, Pizzolatto jatorrira itzuli da. Batetik, nortasun kontrajarriko bi polizia hartu ditu protagonista, eta denbora ezberdinetan jaso du AEBetako hegoaldeko herri txiki batean jazotako hilketen ikerketa. Bestetik, girotze iluna indartu du berriz ere Pizzolatok eta haren lantaldeak; soinuaren eta irudien erabilera dramatikoaren bitartez, eszenen arteko loturak mamitsuago bilakatuz, misterioa areagotuz eta narrazioaren hari nagusiari azpigeruza interesgarriak gehituz.

Aldiz, Fukunagarekin abian jarri zuen lankidetza iraunkorretik urrun, Pizzolattok hainbat zuzendariren esku utzi du atalak gidatzeko ardura bigarrengoz segidan. Are gehiago, sortzaile italiarrak berak zuzendu ditu denboraldiko bi atal. Horrek badu arrisku bat: bigarren denboraldian gertatu bezala, telesailak desoreka formal handia jasatea eta zortzi atalen osotasun narratiboari kalte egitea.

Oro har, Pizzolatto jatorrizko formula emankorrera itzultzen ahalegindu da, hein handi batean, zaleak gogobete, industriaren onespena berreskuratu eta urteotan kinka larrian egon den telesailaren etorkizuna bermatzeko. Baina hautu artistikoa ageriko erreplikara mugatu izanakbeste interpretazio bat ere izan dezake: akaso Pizzolattoren narraziorako gaitasuna da agortua dagoena, akaso Fukunaga bera zen telesailaren benetako sortzaile izarra.

American Horror Story, Black Mirror, Fargo... egungo antologiazko telesailek erakutsi dute gaitasuna euren burua etengabe berritu eta, gorabehera jakinak salbu, istorio fresko eta erakargarriak plazaratzeko. Horrenbestez, ahots propioz zutituz gerobihurtuko da True Detective berriz ere esanguratsu. Baina, horretarako, arriskatu egin behar du orain; osterantzean, bere buruaren imitazio huts izango da soil-soilik.

'TRUE DETECTIVE'

Sortzailea: Nic Pizzolatto.

Aktoreak: Mahershala Ali, Stephen Dorff, Carmen Ejogo, Scoot McNairy, Mamie Gummer, Rhys Wakefield, Sarah Gadon.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2019.

Non ikusi: HBO, Movistar+.

Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.

Generoa: Thrillerra. Krimena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.