Osakidetzako lan eskaintza. Lekukotasunak

Osakidetza: denek zekiten sekretua

Fiskalaren txostenak harrabotsa sortu du: iruzur zantzuak ikusi ditu Osakidetzako oposizioetan. Inor gutxi harritu da Osakidetzan, «jakina» zelako zer gertatzen zen. Sendagile batzuek BERRIAri azaldu diote urteetako sistema dela hori.
Galdakaoko ospitalea.
Galdakaoko ospitalea. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Garikoitz Goikoetxea -

2019ko otsailak 23
Ez dute ezustekorik hartu. «Bagenekien lehenago edo geroago azaldu behar zuela. Eta azaldu da». Osakidetzako mediku espezialisten oposizioetan iruzurra izan dela erakutsi dute orain arteko ikerketek. Fiskal nagusiak 11 espezialitate jarri ditu susmopean, emaitza harrigarriak ikusi dituelako eta lekukotasunak dauzkalako. Osakidetzako mediku espezialista zenbaitekin hitz egin du BERRIAk, iruzurraren oinarrian zer dagoen argitze aldera. Ez dute izenik eman, gaiak osasun zerbitzuan sortzen duen tentsioaren erakusgarri. Haien kontakizunak bat datoz erabat: urteak dira oposizioetan iruzur egiten dela, eta postuak eskuratzeko sistemarekin dago lotua iruzurra.

Zurrunbilo handia sortu da aste honetan Osakidetzaren bueltan. EAEko fiskal nagusiak, Carmen Adanek, txosten gogorra egin du oposizioei buruz. Bi aldetara egin ditu akusazioak; batetik, epaimahai batzuetako kideen aurka, edukiak filtratu zituztelakoan; bestetik, Osakidetzaren beraren kontra, epaimahaietako partaideak aukeratzerakoan ez zituelako «irizpide objektiboak» erabili.

Hiru azterketatako arduradunak zuzenean akusatu ditu fiskalak: Anestesiologiako, Angiologiako eta Digestio Aparatuko hiru epaimahaikide. Ez du, ordea, espezialitate horietan soilik sumatu iruzurra. Beste zortzi hauetan ere bai, nahiz inor ez akusatu: Kardiologia, Traumatologia, Kirurgia Plastikoa, Urologia, Zaintza Intentsiboak, Larrialdiak, Mikrobiologia eta Kirurgia Baskularra.

Gasteizen aurkeztu du salaketa Adan fiskal nagusiak —Osakidetzak bertan du egoitza, eta oposizioetako azterketak ere Gasteizen egin zituzten—. Bigarren instrukzio epaitegiari egokitu zaio kasua. Orain, epaileak sei hilabete ditu ikerketa egiteko, eta, konplexutasuna badu, beste sei hilabete luzatu ahalko du —epea luzatzeko aukera baliatu zuen fiskalak ere—.

«Ezkutuko egia zen»

Mediku espezialisten artean, noski, mintzagai da kasua egunotan. Harritu ez da inor egin, hala ere: «jakina» zen. Ez soilik sendagile horien artean: Osakidetzan «vox populi» zen iruzur egiten zutela mediku espezialisten oposizioetan. «Ezkutuko egia zen», azaldu du mediku espezialista batek. «Orain, diferentzia da fiskalak baieztatu egin duela», erantsi du beste espezialitate bateko sendagile batek. «Orain arte, ez zegoen frogarik, edo behintzat inork ez zituen frogak mahai gainean jartzen». Hiru anestesistak egin zuten urratsa. Lehenbizi, agiri bat sinatu zuten notarioarenean: aurretik asmatu zuten nork gaindituko zuen. Gero, fiskaltzan salaketa jarri zuten sindikatu batzuek.

Espezialitate eta arduradun batzuk daude jomugan, baina BERRIAk galdetutako medikuek argi diote egiturazko kontua dela, ez dela gauetik goizera arduradun batzuk iruzur egitea erabaki dutela. «Ni hemen nagoenetik ez dut uste inoiz izan denik oposizio garbirik». Eta hogei urte daramatza Osakidetzan. Urte gutxiago daramatzatenek ere badakite hori. «Baina isiltasun itun bat dago».

Ituna da, edo behartutako isiltasuna. Hala kontatu du mediku batek: «Badakizu zerbait esaten baduzu ez duzula sekula gehiago hemen lan egingo, eta beste leku batzuetan ere ez». Hain justu ere, iruzurra azaleratu zuten anestesistek salatu dute «errepresaliak» jasaten ari direla ospitalean.

Oposizioetan iruzur egiten dela argi aitortu dute hitz egindako mediku guztiek, baina uste dute sakoneko arazoa beste bat dela: zer behin-behinekotasun dagoen Osakidetzan. «Hemen jende asko dago hamar urte edo gehiago daramatzana lanean, eta oraindik behin-behinekoa dena. Ziurgabetasun handia sortzen du horrek, eta egonezina: 'Bihar hanka hausten badut, zer?'». Eskarmentua duten medikuak direla nabarmendu du postua lortua duen mediku batek: «Urte mordoa daramate hemen, hamar urte baino gehiago askok; esperientzia dute, eta mediku onak dira. Inork ez die esan gaizki aritzen direnik».

Nola neurtu «mediku ona»

Oposizioen sisteman dago beste gakoa, mediku horiek kontatu dutenez. Ez daude ados ereduarekin. «Nola neurtzen da zein den mediku ona? Egun bateko azterketa teoriko baten bitartez?». Adibide bat jarri du mediku horrek: «Hemen, badira oso ebakuntza bereziak egiten dakiten medikuak, oraindik behin-behinean daudenak. Oposizioetan, ez da aintzat hartzen zer egiten dakiten». Proba teorikoa da oposizioetakoa: batetik, test gisako galderak, eta bestetik, kasu klinikoak ebatzi beharra. Mediku batek ohartarazi du desabantailan daudela urteak ospitalean lanean daramatzaten sendagileak: «Ezin dira lehiatu ikasketak oraintxe bukatu dituen mediku batekin».

Belaunaldi aldaketa handia dator administraziora, eta datozen urteetan lan eskaintza asko izango dira; Osakidetzan ere bai. Horrek dakarrenarekin ez dira ados azaldu sendagile batzuk: «Esaten ari dira urtero egingo dituztela lan eskaintzak. Urtero ezin duzu aritu intentsitate horretan ikasten». Mediku horrek dio antzinatasuna aintzat hartu beharko litzatekeela, Osakidetzan egindako ibilbidea: «Behin-behinean hainbeste urte postu batean —batzuetan hogei urte ere bai—, ondo lan egin, eta justua da oposizioen ondoren beste batek hartzea postu hori?».

Postu publikoetan finkatzeko bidea oposizioena da: aukera berdintasuna hautagai guztientzat. Horrekin ez daudenez ados, iruzurrera jotzen dute. «Hori da bide bakarra», azaldu du mediku batek. Hala erantsi du beste batek: «Eredua aldatu ezean, beti egongo da tentazioa urteetan zurekin ari dena eta ondo lan egiten duena kontratatzeko. Eta aukera bakarra dago horretarako: iruzur egitea».

Alde horretatik, deigarria da Jon Darpon sailburuak aste honetan bertan emandako argudio bat. Radio Euskadin egin zioten elkarrizketa, eta hara zer argudio erabili zuen: «Oso profesional onak ditugu, eta, beraz, hautatzeko era ez zen hain txarra izango».

Zerbitzuburuak

Mediku batzuen ahotan, uler daiteke iruzurra bera egokiago ikusten dutela oposizioetako sistema baino. Ez daude denak ados, ordea: «Horrelako oposizioen bidea seguruenik ez da egokiena, ez. Baina lanpostu publikoak dira, eta arduradunek ezin dute nahieran aukeratu nork lortuko duen».

Eta hori gertatzen da. Zerbitzu bakoitzeko buruak egiten du aukeraketa. Zer irizpideren arabera? «Arduradun bakoitzaren etika sartzen da hor jokoan», azaldu du oposizioen sistemaren aldekoa ez den sendagile batek. Medikuek aitortu dute, hala ere, gorabeherak izan direla hor: alegia, iruzurraren ustezko oinarria da esperientzia hartzea aintzat, urteetan lankide izan dituztenek postua lortzea, baina gertu izan dituzte iruzur sistema horri iruzur egin dioten arduradunak. «Txanda-pasak ikusi ditut», kontatu du medikuetako batek. Azken oposizioetan ere izan dira halakoak.

Izan ere, arduradunen boterea hain da handia, ustezko irizpide horiek ere ez baitituzte betetzen. Hala adierazi du sendagileetako batek: «Azken oposizioetako gaindituen zerrendak ikusita, argi dago aldeak egon direla espezialitate batetik bestera. Batzuetan, bai, errespetatu dute antzinatasuna, baina beste batzuetan argi dago beste irizpide batzuk erabili dituztela: lagunak, kontsulta pribatuko lankideak, familiakoak...». Fiskalaren txostenean badira era horretako zantzuak.

Iruzur sistema horrek, gainera, areagotu egiten du arduradunen boterea. Mediku batek azaldu du oposizioetako emaitzek ez dutela eragina postu finkoa hartzeko bakarrik: «Ordezkapenei begira ere badu eragina, eta hor ere kontrol handia daukate zerbitzuburuek». Babesgabetasun handiagoa dute behin-behinekoek. «Hori baliatu egiten dute medikuak kontrolatzeko». Klientelismo sistema bat da, azkenean: «Denok ikusi dugu nola sartu diren arduradunaren begikoak diren lankideak». Medikuak, finean, zain egoten dira beren «txanda» noiz iritsiko zaien.

Sendagileek ohartarazi dutenez, zerbitzuburuen boterea oso da handia osasun zerbitzuan, eta ez dute oposizioetan soilik baliatzen. Indarra dute. «Boterea erabiltzen dute, eta zenbait zerbitzuk erraz boikota dezakete Osakidetzaren jarduna, areago Osakidetza hedabideen hain menpeko dela».

Nola egin iruzur

Fiskalaren ikerketarekin bateragarriak dira BERRIAk bildutako lekukotasunak. Batetik, azterketetako notetan aldeak oso adierazgarriak direlako: mediku multzo txiki bat dago oso nota altua duena —ehun puntutik ehun, kasu askotan—, eta gainerakoak askoz atzerago daude. Askotan, gainera, oso nota ona dutenen kopurua bat dator eskainitako postuekin. Bestetik, gisa bereko deklarazioak bildu dituelako fiskalak: «Lekuko mediku hainbatek adierazi dute orain denbora askotik jakina zela azterketak filtratu egiten dituztela modu batera edo bestera».

Modu batera edo bestera. Hala diote medikuek, bide asko daudela. Ez dute zertan azterketa eskura eman. «Hau esatea da modu bat: 'Zera... Uste dut gaixotasun hau interesatu beharko litzaizukeela...'». Beste eredu batzuk ere badira: fiskalak, adibidez, susmoa du ikasi beharreko edukietako gai batzuk paperean seinalatzen dizkietela medikuei, azpimarratuta.

2011ko salaketak

Denek zekiten sekretua zen, beraz, espezialisten oposizioetakoa. Urte luzez egon da ezkutuan. Egia da lehenago izan direla salaketa batzuk. 2011n, Medikuen Sindikatuak egin zuen: sekulako aldeak zeudela azterketetako emaitzetan. Hala esan du txosten batean. «Baina beste garai batzuk ziren, eta ustelkeriaren gaia ez zegoen orain bezain boladan. Inori ez zitzaion interesatu: ez hedabideei, ez alderdi politikoei, ez Osakidetzari, eta ez medikuei eurei».

2011ko salaketen ondoren, aldaketa bat egin zuten: azterketen lehen partea HAEE Herri Ardularitzaren Euskal Erakundeak taxutu zuen. Baina ez erabat: fiskalak agerian jarri du Osakidetzak izendatutako medikuekin aritu zela HAEE. Espezialitate batzuetan ageri da aldea: azterketaren lehen partean emaitza logikoagoak izan dira bigarrenean baino —bigarrena epaimahaiek jarri dute—.

Azken lan deialdiko iruzurra epaitegietara iritsi da, eta arlo politikora ere bai. Elkarrekin Podemosek proposamen bat aurkeztuko du legebiltzarrean, Darpon sailburua gaitzesteko; martxoan bozkatuko dute. Dimisioak eskatu ditu oposizioak, baina sailburuak oraingoz baztertu egin du. Medikuek argi diote, nolanahi ere: «Hau ez da Darponekin hasi. Nik Osakidetza ezagutzen dudanetik egon da hor gai hori». Orain arte bi arduradunen dimisioa ekarri du auziak: Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendariarena eta Juan Carlos Soto Giza Baliabideetako zuzendariarena.

Notarioak eta salaketak

Zergatik azaleratu da iruzurra aurten, eta ez orain arte? Batetik, hiru anestesisten salaketa da gakoa, eta haren funtsa: notarioaren aurrean izenpetutako agiria. Areago, grabazio bat ere eman diote fiskalari, non mediku bat ageri den filtrazioei buruz hizketan. Bestetik, sindikatuen jokabidea: ESK-k, LABek eta ELAk irmo heldu diote gaiari, eta salaketak jarri.

Epaimahai batzuetako partaideak koordinatu egiten direla iradoki du fiskalak txostenean. Osakidetzak berak espedientea irekia die Traumatologiako arduradunei, «isilpeko bilera bat» egin zutelako. BERRIAk kontsultatutako medikuek ohikotzat jo dute hori, eskaintzara ateratako lanpostuak «banatzeko» bilerak egitea.

Beste espezialitate batzuetan, berriz, ez da nabari horrelako girorik. Kardiologian, esate baterako, filtrazio salaketak egin zituzten epaimahaiko kide batzuek. Berdin Angiologian: Osakidetzari gutun bat bidali zion Donostiako zerbitzuburuak. Honako hau zen mezua: «Azterketa 31k egin zuten, bostek gainditu, eta haietako lau Basurtuko ospitalean aritzen dira. Pelotoiko gainerakoen aldean, dozenaka puntu gehiago dituzte. Zaila da emaitza hori zoriaren kapritxoekin justifikatzea».

Testigantza horiek guztiak sartu ditu fiskalak epaitegiaren esku utzitako txostenean. Haren esku egongo da ikerketa egitea eta deliturik izan ote den zehaztea. Denek bazekiten sekretua argitzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna