Kataluniako erreferenduma

«Estatuak 'de facto' eten du autogobernua, eta salbuespen egoera ezarri»

Carles Puigdemontek salatu du «erregimen autoritarioetatik» bereizten zuen marra gorria «guztiz gainditu» duela Espainiako Gobernuak

Carles Puigdemont Kataluniako presidentea atzo egindako adierazpen instituzionalean, atzean Kataluniako Gobernuko kideak dituela. ANDREU DALMAU / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko irailaren 21a
00:00
Entzun
«Lotsaizun demokratiko bat» bilakatu da Espainiako Gobernua, Carles Puigdemonten esanetan. Bartzelonako Instrukzioko 13. Epaitegiak aginduta, Guardia Zibilak egin zituen, atzo, Bartzelonan, 40tik gora miaketa Generalitateko hainbat egoitzatan, norbanakoen etxeetan zein enpresatan, eta hamasei pertsona atxilotu zituen —Kataluniako Gobernuko kargudunak gehienak—, urriaren 1eko erreferendumaren antolaketarekin lotura dutelakoan. Kataluniako Gobernuko presidenteak, beraz, argi dauka: «Estatuak de facto eten du Kataluniako autogobernua, eta de facto aplikatu du salbuespen egoera». Eta salatu du «erregimen autoritarioetatik» bereizten zuen marra gorria «guztiz gainditu» duela Madrilek. Halere, urriaren 1ean «erantzun demokratiko bat» ematera, «botopapera erabiltzera», deitu du. «Ez dugu atzera egingo; ez dugulako eskubiderik, hori baita herritarrek egin diguten enkargua».

Polizia operazioaren berri eduki eta berehala, ezohiko bilera batera deitu zituen Puigdemontek Kataluniako Gobernuko kideak, eta haien babesean egin zuen, ondoren, adierazpen instituzionala. Pasa den ostiralean, jada, Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak jakinarazi zuenean Madril Generalitatearen finantzen kontrol zuzena hartzekotan zela, Oriol Junqueras Kataluniako Gobernuko presidenteordeak adierazi zuen esku hartzeak esan nahi zuela Katalunian aplikatzea Espainiako Konstituzioko 155. artikulua; hau da, Kataluniari autonomia kentzeko aukera edukitzea. Orduan are esplizituagoa izan zen Pere Aragones Kataluniako Gobernuko Ekonomia idazkaria: «Madrilek atzeko atetik aplikatu du 155. artikulua».

Eta atzoko gertakarien ondotik, Kataluniako presidenteak ez dauka dudarik. «Estatuak urratu ditu zuzenbide estatua, EB Europako Batasuneko Giza Eskubideen Karta, eta berme konstituzionalak». Madrili leporatzen dio operazio judizialak eta polizialak babestea, eta Jose Manuel Maza Espainiako fiskal nagusia ere izan zuen ahotan: «Fiskal nagusiak nahasten ditu autoritatea eta nahi duen guztia egitea».

Puigdemontek zerrendatu zituen galdeketaren antolaketaren harira Espainiak, estatuak, azken hilabeteotan egindako ekintzak: «Bereizketarik egin gabeko miaketak, Kataluniako Gobernuko kargudunen eta teknikarien atxilotzeak, komunikabideak ikaratzea, fiskaltzaren jarrera edozein ekintza judizialetik kanpo, agindu judizialik gabe Generalitateko kontuak blokeatzen ahalegintzea, postaren urraketa, webguneen blokeoa, eta herritarrak bere osotasunean mehatxatzea». Hori guztia, haren hitzetan, «onartezina» da.

Modu «baketsu eta demokratikoan» erreakzionatzea eskatu zuen Kataluniako presidenteak, eta adierazi «eman beharreko erantzunak» Kataluniako Gobernuak koordinatuko dituela, agente sozial eta ekonomikoekin elkarlanean. «Ez dugu onartuko iraganera itzultzea eta guri ez uztea etorkizunean erabakitzen».

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteak nabarmendu zuen Madrilek politika «lurperatu» duela, eta, «errepresioaren ateak» ireki dituela «definitiboki». Harentzat ere de facto-ko «salbuespen egoera» ezarri dute Katalunian. Forcadell auzipetuta dago, galdeketa ahalbidetzeko prozedurak bozkatzea baimentzeagatik.

Anna Gabriel Kataluniako Parlamentuko CUPeko diputatuaren ustez, Espainiako Gobernuak «urriaren 1eko» ekintza demokratikoa «boikotatzea» du asmo. Pentsatzen du «planteaezina» dela data horretan hautetsontzirik ez egotea. «Ez baldin badago, esan nahi du estatu kolpeak irabazi duela».

Ada Colau Bartzelonako alkateak, bere aldetik, polizia operazioa deitoratu zuen, eta subiranotasunaren aldekoak «Kataluniako autogobernuaren defentsan» mobilizatzera deitu zituen. Gainera, «atzera egiteko» eta «negoziazio politiko bat» abiarazteko eskatu zion Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari.

«Kalea hartzea» leporatuz

Kataluniako autonomia «txikitzea» leporatu zion Ines Arrimadas Kataluniako Parlamentuko Ciutadanseko diputatuak Puigdemonti. «Demokraziari kolpea emateko», Kataluniako presidentearen estrategia «kaleak hartzea» dela gaineratu zuen. Miquel Iceta PSCko buruak, «aldebakarreko» bideari uko egin diezaiola adierazi zion Kataluniako Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.