«Eskolak bazekien, eta estali egin zuen»

Salestarrek Bilbon duten ikastetxeko zortzi ikasle ohik irakasle izandako gizon bat salatu dute, eraso sexual eta fisikoengatik. Euretako batekin hitz egin du BERRIAk: biktima gehiago daudela uste dute
BERRIA

Maite Asensio Lozano -

2019ko otsailak 5
«Deustuko salestarretan ekitaldi areto oso handi bat dago; zinema ikusten genuen han. Tipoa gure atzean jartzen zen, eta txantxak egiten zizkigun. Egun batean, elastikoa igo zidan, eta azpitik bizkarra laztandu zidan; gero, belarria hortzikatzen hasi zitzaidan, eta mingaina sartu zidan. Tarte batez jardun zen; pentsatzen dut masturbatzen arituko zela. Amaitu zuenean, joan egin zen». Jose Miguel San Martin irakasle ohia salatu duten zortzi gizonetako bat da Jaime —ez da benetako izena—. 44 urte ditu egun, baina 9 baino ez zituen abusuok jasan zituenean, 1984an. Berak pairatutakoa, ordea, «arina» izan zela esan du: «Lagunek gauza ikaragarriak kontatu dizkidate; imajina dezakezun ikaragarriena».

Salestarren Kongregazioak Bilbon duen ikastetxe bakarrean, 1975etik 1990era ehunka umeren tutore, ikasketaburu eta aholkulari psikologikoa izan zen salatutako gizona, Don Chemi izenez ezaguna; 70 urte inguru ditu orain. Salatzaileek adierazi dute urte haietan eraso fisikoak eta sexualak egin zizkiela, haiek 8 eta 10 urte artean zituztela. Auzia jakinaraztea erabaki dute berriki: «Beste haur batzuk arriskuan egon daitezke oraindik».

«Tipo berezia zen», gogoratu du Jaimek. «Oso buruargia, ospe bikainekoa, karismatikoa, eta oso maitatua eta errespetatua. Baina, aldi berean, oso bortitza zen. Ez naiz ari garai hartan ohikoak ziren kontuez, belarrondokoez edo erregelarekin hatzetan jotzeaz; indarkeria basatiaz ari naiz, jipoiez». 8 urterekin gelakide bati gertatutakoa oroitu du: «Koaderno bat ekartzea ahaztu zuen, eta irakasleak San Martini deitu zion, ikasketaburua zelako. Tipoa masailekoak ematen hasi zitzaion mutikoari, arbelaren ondoan, ostia bat eta beste bat, lurrera bota arte, eta lurrean zegoela ostikoka txikitu zuen. Hori guztia 42 umeren aurrean gertatu zen; irakaslea ere han geratu zen, begira, isilik». Beste mutiko bati 54 kolpe eman zizkion: «Masaileko bat, eta beste bat... 54ra arte. Hura ere lurrera bota zuen». Biek jarri dute salaketa lesio fisikoengatik.

Baina harago joan zen irakasle ohia, salatzaileen arabera. Haietako sei sexu erasoez mintzatu dira: ukituak, musuak, masturbazioak, sarketak... «Hainbat leku identifikatu ditugu: ekitaldi aretoa, bere bulegoa, bere logela, tatamiak zeuzkan gela bat eta udalekuak. Badakigu batzuei behin baino baino gehiagotan eraso ziela. Salatzaileetako batek dio hogei aldiz baino gehiagotan egin zizkiola abusuak. Eta biktima gehiago ere izango dira».

Jaimeren ustez, eraso molde guztiak dira aintzat hartzekoak, ulertzeko irakasle ohiak nola jokatzen zuen. «Beldurra» zioten: «Urtero gauza bera egiten zuen ikasturte hasieran: ikasle bat jipoitu besteon aurrean, denak ikaratzeko. Hortik aurrera, mutil batenganako konfiantza pixka bat adierazten zuen edozein keinu ontzat jotzen genuen. Izatez, nitaz abusatu zuenean, ez nuen erasotzat hartu; niretzat afektuzko keinu bat izan zen. Nerabezaroan ohartu nintzen hura ez zela jolas bat izan». Biktima batzuk indarkeria haren ondorioak pairatzen ari dira oraindik: tratamendu psikologikoak, botikak, zailtasunak sexu eta bikote harremanetan...

Udalekuetan, bortxaketa

Izan ere, «muturreko erasoak» ere izan zirela nabarmendu du Jaimek. Bere lagun min bati gertatu zitzaion larrienetako bat, 10 urte zituela, salestarrek Berantevillan (Araba) egiten zituzten udalekuetan. Gogoratu du ikasleen arduraduna zela San Martin, eta kanpadenda propioa zuela. «Nire laguna gaixotu egin zen, botaka-eta; don Chemik bere dendara eraman zuen, eta ez zen gau osoan itzuli. Han, botikaren bat eman zion, prakak jaitsi zizkion, masturbatzen hasi zitzaion, ohean sartu zuen, bera ere ohean sartu zen, biluzi zen, eta bortxatu egin zuen».

Iragan abenduan izan zuen Jaimek horren berri, adiskideak kontatuta. Egun gutxira, urtarrilean, El País egunkariak azaleratu zuen Deustuko salestarretako ikasle ohi batek San Martinen sexu abusuak salatu zituela hamabi urte lehenago, baina auziak ez zuela aurrera egin, delitua preskribatuta zegoelako. «Salaketa jarri zuena ezin zen bakarrik geratu: ez da kasu bakan bat. Webguneko eta sare sozialetako iruzkinak ikusita, harremanetan jarri ginen orduko ikasleekin. Azkenean, hamar elkartu ginen».

Zortzik aurkeztu dute salaketa, eta Ertzaintzak horietako zazpi igorri ditu epaitegira; duela hamabi urte salaketa jarri zuenak ere berretsi egin du orain, baina kanpoan geratu da, artxibatuta baitago jada. Jaimek azaldu du «erantzukizunagatik» hartu dutela erabakia, are gehiago jakin zutenean San Martinek oraindik umeekin lan egiten duela, Aldekoa aisialdi taldean. «Joan den astera arte, 2019ko udalekuen deialdia argitaratua zuten webgunean, eta San Martin ageri zen kolaboratzaile gisa. Horrek bultzatu gintuen pausoa ematera: tipo horrek ezin du haurrekin lan egiten jarraitu».

Izan ere, badakite auzitegietako bidea ez dela emankorra izango: «Segur aski, gure kasuak preskribatuta daude; beraz, ez dugu izango justiziarik eta erreparaziorik, baina eduki dezakegu egia: ikastetxe hartan gertatutakoa jakitea nahi dugu, pertsona horrekin eta instituzioarekin; zeren eskolak bazekien, eta estali egin zuen».

Eskolarekin, kritiko

Ziur egin du baieztapen hori: «Tratu txar fisikoak jendaurrean ematen zituen». Gainera, salatzaileetako batek ere bere garaian sexu erasoen berri eman zuen. «Don Chemik bulegora deitzen zuen mutil bat, ni baino pare bat urte gazteagoa, eta han bere hanka gainean esertzen zuen, genitalak ukitzen zizkion, muxu ematen zion... Egun batean mingaina sartu zion ahoan; gainezka egin zuen mutilak, eta alde egin zuen. Gurasoei kontatu zien, amak guraso elkartera jo zuen, eta elkarteak, zuzendaritzara. Ikastetxeak aholkatu zien ez salatzea, eta handik gutxira San Martinek ordena utzi zuen. Beraz, bazekiten».

Kongregazioak «sostengua» adierazi zien ikasle ohi horiei larunbatean, ohar bidez, eta «barkamena» eskatu zuen, «halako ekintza gaitzesgarririk gertatu bada». Baldintzazko esaldi horrek min egin diela esan du Jaimek, baina erantsi du eurek ez dutela barkamenik behar: «Haiengandik nahi dugun bakarra da publikoki onartzea erasoak egia direla, ezkutatu egin zituztela, egin zuten hura txarto egon zela, eta ez dela berriro gertatuko».

Lau sexu delitugatik salatu du fiskaltzak Bizkaiko eskauten abade izandakoa

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna