Albistea entzun

Euskararen Nazioarteko Eguna

Murgiltze eredua, erabateko dilindan

Frantziako Konstituzio Batzordeak hizkuntza gutxituen aldeko legearen zenbait artikulu atzera bota izanak kezka eragin du aurten. Eragileek konstituzioa aldatzeko eskatzen dute.
Maiatzean Baionan murgiltze ereduaren alde egindako protesta.
Maiatzean Baionan murgiltze ereduaren alde egindako protesta. BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Miren Garate -

2021eko abenduak 3

Soka luzea ekarri du murgiltze ereduaren gaiak azken hilabeteotan. Frantziako Konstituzioa aldatzea: hizkuntza gutxituen kontra Frantziako Konstituzio Kontseiluak hartutako ebazpenaren nondik norakoak aztertu ostean, beste aukerarik ez dute ikusten eragileek. Hori egin ezean, nabarmentzen dute murgiltze ereduak ez duela inolako ziurtasunik izango.

Itxaropena zen nagusi apirilaren 8an, Frantziako Legebiltzarrak Eskualdeko Hizkuntzen Ondare Babeserako eta Sustapenerako Legea onartu zuenean —Molac legea ere esaten zaio, Paul Molac Bretainiako diputatuak sustatu baitu—. Alde batetik, seinale publiko elebidunak izatea eta estatu zibileko dokumentuetan ñ-a bezalako marka diakritikoak idaztea baimentzen zuen. Horrez gain, hezkuntza arloko hiru neurri azpimarragarri biltzen zituen, hizkuntza gutxituen irakaskuntzari koadro sendoago bat ematen ziotenak: hizkuntza gutxituak murgiltze ereduan ikasteko aukera ofizialki agertzea Frantziako Hezkuntza Kodean; ikastetxe publikoetan hizkuntza gutxituen irakaskuntzaren eskaintza orokortzea, hau da, ikastetxe guztietan eskaini behar izatea aukera hori; eta, hirugarrenik, eskola elebakarrak dituzten herrietan, bertako haurrak inguruko herri bateko ikastetxe batera joan behar izanez gero, ikastetxe horiek diruztatzeko betebeharra izatea herriko etxeek.

Historikoa hitza erabili zuten euskararen aldeko eragileek legea onartu izana definitzeko. Euskararen Erakunde Publikoak, Seaskak, Biga Bai sail elebiduneko guraso elkarteak, Euskal Konfederazioak eta hainbat hautetsik txalotu zuten erabakia. Aipagarria izan zen gobernuak kontra bozkatzeko eskatu arren 247 diputatuk eman ziotela baiezko botoa legeari, eta 79k ezezkoa.

Legea onartu izanak sortutako ilusioa, ordea, berehala zapuztu zuen Frantziako Konstituzio Kontseiluak. Onartu eta bi astera, legea promulgatzeko epea amaitzear zenean, haren kontrako helegitea jarri zuten 61 diputatuk. Ondoren, maiatzaren 21ean, murgiltze eredua Frantziako Hezkuntza Kodean sartzea konstituzioaren 2. artikuluaren kontrakoa dela ebatzi zuen Konstituzio Kontseiluak. Ebazpenaren arabera, konstituzioaren 2. artikuluan, zuzenbide publikoko pertsona juridikoei eta zuzenbide pribatuko pertsonei frantsesaren erabilera inposatzen zaie zerbitzu publikoko eginkizun bat gauzatzean. «Administrazio eta zerbitzu publikoekiko harremanetan, partikularrak ezin dira baliatu frantsesa ez den beste hizkuntza bat erabiltzeko eskubideaz, ezta horren erabilerara behartuak izan ere», zioen hitzez hitz erabakiak.

Hautsak harrotu zituen Konstituzio Kontseiluak esandakoak. Maiatzaren 29an, esate baterako, 10.000 lagun baino gehiago atera ziren kalera Baionan, eta protesta jendetsuak izan ziren beste lurralde batzuetan ere. Ekainaren 15ean, berriz, 140 diputatuk gutun bat bidali zioten Emmanuel Macron presidenteari, konstituzioa aldatzeko eskatuz.

Departamenduetako eta eskualdeetako hauteskundeen testuinguruan, Konstituzio Kontseiluaren ebazpenaren ondorioak aztertu eta proposamenak egiteko eskatu zien Jean Castex Frantziako lehen ministroak bi diputaturi: Christophe Euzeti eta Yannick Kerlogoti.

Proposamen horretan, Hezkuntza Ministerioak idatziko lukeen zirkular bat hobetsi zuten horiek. Zirkular hori, ordea, mailaz beherago legoke, hau da, kezka sortzen du inork Frantziako Estatu Kontseiluaren aurrean auzitan jarriko balu, maiatzeko ebazpena kontuan hartuta, zirkularra bertan behera geratzeak.«Konstituzioa ez bada aldatzen, hizkuntza gutxituak bigarren edo hirugarren mailako hizkuntzak dira, beti mehatxupean», uste du, kasu, Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak.

Orain, zer?

Frantziako Gobernua hasi da hizkuntza gutxituen irakaskuntzari buruzko zirkularra prestatzen. Urte amaierarako espero da behin betiko bertsioa. Oraingoz, lehen zirriborro baten berri izan dute eragileek, nahi baino «ahulagoa» izango dela azpimarratu arren, nahiko balorazio baikorra egin dute gehienek, aurrerapauso bat delakoan. «Ezer baino hobeki da; beraz, hartuko dugu; baina ongi idatzia izan beharko da», esan du hizkuntza gutxituen aldeko legea sustatu duen Molac diputatuak.

Udaberrian presidentetzarako hauteskundeak izango dira, eta eragileak presioa ezartzeko gai izatea funtsezkoa izan daiteke hurrengo legegintzaldian etor daitezkeen neurriei begira.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Basurtun bihotzeko kirurgia ixtearen kontrako manifestazio bat. ©Marisol Ramirez / Foku

Sindikatuek manifestazioa egingo dute Basurtun bihotzeko kirurgia ixtearen kontra

Gotzon Hermosilla

Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek eskatu diote Osakidetzari helegiterik ez aurkezteko erabakia eteten duen ebazpen judizialari.

Mintzodromo bat, San Telmo museoan, Donostian. ©GORKA RUBIO / FOKU

Aniztasunerako zubigintza

Iraia Vieira Gil

Euskaraz ez dakitenak erakartzeko jardunaldiak antolatu ditu Euskaltzaleen Topaguneak. Euskarak sortzen dituen barne eta kanpo gatazkak izan dituzte hizpide.
Idurre Eskisabel, atzean Euskalgintzaren Kontseiluaren logoa duela. ©EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA

Idurre Eskisabel izango da Kontseiluko idazkari nagusia

Julen Aperribai

Paul Bilbaok hamabi urte eman ditu kargu horretan, eta hura ordezkatuko du Eskisabelek gaur zortzi, Durangon. Euskararen auzia «gizartearen lehentasun» bihurtzea eta aliantzak sendotzea jarri ditu helburu

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.