Lur Albizu. Ernaiko bozeramailea

«Herri hau martxan dago, eta borroka ugari, piztuta»

Ernai eta Aitzina gazte erakundeek antolatuta, Gazte Akelarrea egingo dute bihartik igandera Oiartzunen (Gipuzkoa). Gazte borroken inguruan hausnartu eta eztabaidatu nahi dute topaketan.
IDOIA ZABALETA / FOKU

Edurne Begiristain -

2018ko martxoak 29
Bosgarren urtez jarraian, Ernai eta Aitzina gazte antolakundeetako kideek udaberriko ekinaldia egingo dute elkarrekin. Bihar hasi eta igandera arte, milaka gazte espero dituzte Gazte Akelarrean. Sorginkeriarekin dugu independentzia leloa hartuta, «lan kolektiboak» independentziarako bidea marrazten duela irudikatu nahi izan dute, Lur Albizu Ernai-ko bozeramailearen esanetan (Artazu, Nafarroa, 1993).

Nolakoa izango da aurtengo topagunea?

Gazte Akelarrea auzolan erraldoi bat da, Euskal Herri osoko gazteak batzen dituen akelarrea. Aurten, mahai gainean jarri nahi ditugu Euskal Herrian urtean zehar izan diren hainbat gazte borroka.

Sorginkeriarekin dugu independentzia leloa aukeratu duzue aurtengorako. Zer adierazi nahi duzue?

Iaz ere garrantzia eman genion akelarrearen kontzeptuari eta horrek irudikatzen duen guztiari, eta aurten ere horretan jarri nahi dugu indarra. Aukeratu dugun leloarekin irudikatu nahi dugu sorginkeriak, eguneroko suek, su txikiek, lan kolektiboak, eta, finean, borroka kolektiboak eramaten gaituela independentziara. Kolektibotasunean osatu eta eraiki nahi dugu Euskal Herria, eta, horregatik, sorginkeriaren bitartez gazteen batasuna eta elkargunea irudikatu nahi dugu. Batasun hori banakoek osatzen dute, kolektiboak, eguneroko suek eta akelarreak berak.

Nola joan dira prestaketa lanak? Gazte asko inplikatu zarete?

Denbora luzea eman dugu Gazte Akelarrea antolatzen, eta hilabete hauetan lantalde asko osatu ditugu prestaketa lanetarako. Gazte asko inplikatu gara. Ehun lagunetik gora aritu gara muntatze lanetan Oiartzunen, eta Gazte Akelarrean bertan ere gazte ugari egongo da txandak egiten. Auzolanaren kulturari eman nahi diogu indarra, erakutsi nahi dugulako lan kolektiboa beharrezkoa dela horrelako egitasmo bat aurrera ateratzeko.

Zer eskaintza egingo diozue gazteriari aurtengo Gazte Akelarrearekin?

Egitarauari eman nahi diogu garrantzia. Mahai gainean jarri nahi ditugu orain arte martxan jarri diren borrokak: lurraren aldekoa, memoria, feminismoa, klase borroka... Zein borrokatik gatoz eta zein da egungo orubea? Galdera horri erantzuten saiatuko gara. Horrez gain, gogoeta egin nahi dugu egun Euskal Herrian martxan diren borroken inguruan. Euskal Herria zeharkatzen duten borrokak jarri nahi ditugu mahai gainean, nora goazen zehaztu ahal izateko. Independentziarako bide horretan topatuko dugunaz eta indartu nahi dugunaz eztabaidatu nahi dugu. Hilabete hauetan mobilizazio ugari egon dira Euskal Herrian, baina batzuetan iruditzen zaigu herri hau geldirik dagoela; hori ez da egia. Herri hau martxan dago, eta borroka ugari daude piztuta. Etzi egingo dugun batzar erraldoian eztabaidatuko dugu horretaz.

Nazioarteko hainbat gonbidatu izango dira Oiartzunen. Zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Euren borroken berri ematera etorriko dira Kolonbiako FARCeko kideak, Ipar Irlandako Sinn Feinekoak, Korsikakoak eta Italiakoak. Independentziaren inguruko hitzaldian CUPeko eta Arraneko lagunak izango ditugu, Eneko Conpainsekin batera. Sexu disidentziei buruzko mahai inguru bat antolatu dugu, eta hor Galiziako, Kataluniako eta Andaluziako gonbidatuak izango ditugu. Urtero saiatzen gara nazioarteko gonbidatuak ekartzen eta haien borroken berri jasotzen, eztabaidatzeko nola egin dezakegun aurrera proiektu komunetan.

Nola parte har dezake Gazte Akelarrera joan nahi duenak?

Informazio guztia gazteakelarrea.info webgunean dago. Bonuak hiriburuetan eta Oiartzunen bertan eros daitezke.

Zer ekarri du Ernai eta Aitzinaren arteko elkarlanak?

Elkarlana bera da garrantzitsuena. Askotan, mugak guk geuk handitzen ditugu, eta gure asmoa da muga horiek txikiago egitea. Bi gazte erakundeen arteko elkarlanak, auzolanean aritzeko eta elkar ezagutzeko lagundu ez ezik, borrokak komunean jartzeko ere balio behar du. Esperientziak trukatzea oso inportantea da, eta ezinbestekoa da urtero nazio mailako hitzordu bat izatea Euskal Herria eraikitzeko.

Bost urte bete dira Ernai sortu zenetik. Zer deritzozu egindako bideari?

Bost urte asko dira, eta, aldi berean, gutxi. Errepresio eta kriminalizazio aro oso latz batetik jaio ziren Ernai eta Aitzina. Uste dut asmatu dugula gazte mugimendua martxan jartzen eta gazteei borroka eskaintza bat egiten. Urte hauetako erronkei erantzuna ematen ari gatzaizkie; alternatibak sortzen eta eraikitzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna