Urkullu: «Euskararen aldeko sare erraldoi bat josi dugu»

Jaurlaritzako, foru eta udal erakundeetako eta euskalgintzako ordezkariak, Donostiako Kursaalean, atzo.
Jaurlaritzako, foru eta udal erakundeetako eta euskalgintzako ordezkariak, Donostiako Kursaalean, atzo. J. C. RUIZ / FOKU

Jokin Sagarzazu -

2018ko abenduak 4
Euskaraldiak iraun duen 11 egunetan sortu diren inertzia eta hizkuntza ohitura berriei eustea; parte hartu dutenek erronka hori izango dute orain. Eta instituzioek, euskararen inguruan lortu diren adostasunei bidea ematea. Bi ideia horiek azpimarratu zituen atzo Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Euskaraldiari amaiera emateko bere gobernuak antolatutako ekitaldian.

Euskaraldia ofizialki atzo bukatu zen, Euskararen Nazioarteko Egunean. Koordinazioan aritu diren erakunde eta eragileek gaur eguerdian egingo dute ariketa sozial horren balorazioa, Donostiako Tabakaleran. Atzo, Jaurlaritzak Kursaal jauregian egin zuen bere ekitaldia. Lehendakariarekin batera, han izan ziren sailburu denak, foru eta udal instituzioetako hautetsi ugari eta kulturaren eta euskalgintzaren ordezkaritza zabal bat. «Euskarak bizigarri bat behar zuen, eta hori izan da Euskaraldia. Euskararen aldeko sare erraldoi bat josi dugu», azpimarratu zuen Urkulluk.

Ideia horri heldu zioten Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak ere. «Hainbat urtez bizkarra emanda bizi izan garen hainbat herritar lanean aritu gara Euskaraldia aurrera atera zedin. Lankidetza hori posible egiteko, zubi bilakatu dugu euskara», adierazi zuen Zupiriak. Lakarentzat, «bide berri baten hasiera» da Euskaraldia. «Norabide bat aukeratu dugu; luzea izango da, baina egin dezagun elkarrekin».

Eusko Legebiltzarrak ere ekitaldi berezi bat egin zuen atzo. Bakartxo Tejeria presidenteak agiri bat irakurri zuen: Euskaraldia «urte osora» zabaltzera deitu zuen. Gero, Kike Amonarriz soziolinguistak hizkuntza ohiturei buruzko solasaldi bat gidatu zuen legebiltzarkideekin batera.

Bizkaiko Aldundiak, berriz, Lauaxeta sariak banatu zituen. Euskaltzaindiak jaso zuen ohorezkoa; akademiak euskararen «normalizazioan eta modernizazioan» egindako «ezinbesteko lana» nabarmendu zuen Unai Rementeria diputatu nagusiak. Andres Urrutia euskaltzainburuaren arabera, Euskaraldiaren helburuak «barneratzea» izan beharko da gaurtik aurrerako helburua. Euskaltzaindiarekin batera, Lauaxeta Poesia saria saria jaso zuten Luis Gardek eta Martin Bidaurrek, eta Josu Martinezek ikus-entzunezkoena.

Frantziari eskaera

Ipar Euskal Herriko EAJ, berriz, Frantziako Gobernuari mintzatu zitzaion atzo, prentsaurreko batean, euskararen koofizialtasuna galdegiteko; bultza asmo duen konstituzioaren erreforman hori kontuan hartzeko eskatu zion Macronen gobernuari. Horrekin lotuta, jeltzaleek gogoratu zuten Euskal Elkargoak «esperimentazio proiektu bat» egingo duela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna