Sexu eraso bat salatu dute Baionako jaietan, eta beste bat Tuterakoetan

Hiru gizonek ukituak egin dizkiote 16 urteko neska bati Baionan, bestetako lehen gauean. Tuteran, salaketa bat ikertzen ari dira poliziak

Bestetako erasoen kontra iaz Baionan egindako protesta. BOB EDME.
Erredakzioa
2019ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Jai eremuetan gertatutako bi sexu erasoren berri eman dute azken orduetan. Baionan eta Tuteran (Nafarroa) gertatu dira, festen hasieran: lehen gauean izan da Baionako erasoa, eta bigarrenean, Tuterakoa. Lapurdiko hiriburukoa, gainera, taldean egin dute: 25 urte inguruko hiru gizonek jazarri egin diote 16 urteko neska bati, baina ihes egitea lortu du gazteak.

Paul Bert plazatik hurbil gertatu zen erasoa, asteazken gauean, neskak bere lagunak utzi eta bakarrik zihoalarik bidean. Biktimak Mainan azaldu du gertatutakoa, indarkeria sexisten prebentziorako gunean —16:00etatik 20:00etara dago zabalik—, eta hala kontatu du Andree Diarte guneko arduradunak: «Hiru gizonek harrapatu egin zuten neska, etxera segi zitzan nahi zuten. Neskak ezetza eman zien, eta inguratu zuten. Titiak eta biloak hunkitu zizkioten, baina ihes egiten lortu zuen».

Pariskoa da biktima; sostengua bilatu du Mainan. «Traumatizatua zen, eta laguntza behar zuen. Ez zuen salaketarik egin nahi, ezingo lituzkeelako erasotzaileak identifikatu, baina ados zen berria jakinaraztearekin», azaldu du Diartek. Hala ere, ofiziozko ikerketa bat ireki daiteke, Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak adierazi duenez. Mediabask webguneari baieztatu dio erasoaren berri izan duela: txosten bat jaso duela Baionako erietxetik, eta Poliziari helarazi diola, «biktimak salaketarik jarri ez duen arren».

Tuteran, atxilotu bat

Bestalde, Tuteran ere sexu eraso bat salatu du emakume batek; Santa Ana jaietan gertatu da. Nafarroako Foruzaingoak atzo goizaldeko 03:00 aldera hartu zuen abisua, festetako bigarren gauean. Ikertzen barruan, informazioa biltzen ari dira; beraz, oraingoz ez dute informazio gehiagorik eman.

Dena den, indarkeria matxistarekin lotuta, beste kasu bat izan da azken orduetan, Tuteran bertan: Espainiako Poliziak 23 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo eguerdian, emakume bat kalean jo zuelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.