Margarita Uria. Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendaria

«Herritarren kontzientzia piztu egin da»

Uriak adierazi du gizartea ohartu egin dela zer garrantzi duen datuak babesteak. Uste du Lanbidek «tentu handiz» ezarri beharko duela hatz marka bidezko identifikazioa.

Edurne Begiristain.
2019ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Maiatzean hiru urte egingo dituMargarita Uriak (Bilbo, 1953) Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendari karguan. Datuak babesteko araudian izan diren aldaketa sakonak kudeatzea egokitu zaio, eta lanean ari da erronka berriei nola erantzun asmatzeko. Aitortu du Europako erregelamendu berriak «zalantza asko» sortu dizkiela.

2004an Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortu zenetik, aldaketa handiak egon dira datuen babesari dagokionez. Zein unetan zaudete?

Unerik ezegonkorrena kudeatzea egokitu zait. Aldaketa sakonak egon dira azken hamabost urteetan; batez ere, baliabide telematikoei dagokienez. Horrez gain, bulegoaren ardura hartu eta berehala Europako araudi berria eta Espainiako lege organikoa onartu dira, eta horiek goitik behera aldatu ditu hainbat esparru. Laburbilduta esango nuke 2018. urtea mugarria izan dela datuak babesteko orduan; besteak beste, herritarron kontzientzia piztu egin delako, teknologia esparruko enpresa handiak areago indartu direlako (Google, Facebook...) eta araudian aldaketa sakonak egon direlako. Datuak Babesteko Euskal Agentzia modu egokian erantzuten ari da erronka berri horiei. Lan handia dugu Europako araudiari erantzuteko, eta saiatzen ari gara egoera berriaren aurrean administrazioek dituzten zalantzak argitzen; besteak beste, haiei formakuntza eskainita.

Zeintzuk dira Europako araudiak ekarri dituen aldaketa nagusiak?

Herritarren artean datuen babesaren inguruko kontzientzia piztea ekarri du, hein handi batean. Grabazioekin, esaterako, nabarmen handitu da herritarren kezka, bi zentzutan. Batetik, herritarrak kezkatuago daude segurtasunarekin, askatasunarekin baino gehiago. Eta, bestetik, grabatutako irudien inguruko kezka azaleratu da, jendeak jakin nahi duelako non gordeko diren bere irudiak, zenbat denbora egongo diren gordeta... Gizarteak lehen ez zuen halako kezkarik.

Zeintzuk dira gehien heltzen zaizkizuen kasuak?

Azken boladan, batez ere, araudiari buruzko argibideak eskatzen ari zaizkigu administrazioak. Herritarrek, berriz, askotariko kezkak igortzen dizkigute: historia klinikoari buruzkoak, salaketa anonimoei buruzkoak... Azpimarratzekoa da, halaber, Osakidetzan gertatutakoak sortu dituen kezkak; batez ere, publikoak eta pribatuak diren datuak zabaltzeari buruzko zalantza ugari eragin dituelako herritarren artean. Kontuan hartu behar da mugak oso ezberdinak direla herritarrentzat edo legebiltzarkideentzat, eskubide ezberdinak daudelako tartean.

Mintegian aipatu duzue Datuak Babesteko Europako Araudiaren hainbat atal anbiguoak direla eta zalantza ugari sortzen dituela. Zer arazo eragin dizkizue?

Zalantza asko sortu dizkigu erregelamenduak Europako erakunde guztioi. Orain, Espainiako Agentziaren, Kataluniakoaren, Andaluziakoaren eta Euskadikoaren artean lantaldeak eratuko ditugu arlo teknikoetan sortutako zalantzak eztabaidatu, argitu eta irizpide bateratu bat adosteko. Saiatuko gara denon artean jarraibide batzuk hitzartzen.

Datuak Babesteko Espainiako Lege Organiko berriarekin alderdi politikoek eskubidea izango dute sarea arakatuz herritarren profil ideologikoak sortzeko?

Zalantza asko daude. Nik pentsatu nahi dut PSOEren zuzenketaren asmoa zela alderdiei muga batzuk jartzea hauteskunde kanpainetan baliabide elektronikoak erabiltzeko orduan. Alabaina, badirudi aditu askok uste dutela justu kontrakoa dela zuzenketa horren helburua, eta, antza, hemendik aurrera alderdiek, enpresek ez bezala, profil ideologikoak egin ahal izango dituztela hauteskunde kanpainak egiteko. Kezka hori iritsi zaio Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari, eta hark ohartarazi du aukera hori ez dagoela jasota legean. Bulegoak gertutik zainduko du halakorik gertaez dadin.

Legeak aukera hori jasotzen duen ez dago batere argi, beraz.

Ez. Horregatik, Datuak Babesteko Bulegoak instrukzio bat aterako du maiatzeko hauteskundeen aurretik legearen atal hori behar bezala interpretatzeko, eta alderdientzat bete beharreko erabakia izateko. Hori egiten duenean, ez dut uste alderdiak ausartuko direnik erabaki horren aurka egiten. Nolanahi ere, kontuan hartu behar da baliabide telematikoak oso boteretsuak direla, eta zalantzarik ez dut alderdiak baliabide horiek erabiltzen hasiak zirela legea indarrean sartu aurretik. Oso zaila da hori kontrolatzea.

Bestelako polemika bat ere badago gurean: Lanbidek ezarriko duen hatz marka bidezko identifikazio eta errekonozimendu sistema. Nola dago auzia?

Argitu gabe dago oraindik. Auzi hori kezka iturri da gizarte osoarentzat, hatz markak gero eta gehiago erabiltzen direlako. Lanbidek sistema hori ezarri nahi badu, tentu handiz ezarri beharko du. Sistema indarrean jarri aurretik, ezinbestekoa izango da aztertzea ez ote dagoen hatz marka ez den bestelako identifikazio sistema hoberik , eta horri buruzko ebaluazio bat egin. Arriskuen eragina kalkulatzeko ebaluazio bat egin beharko litzateke, eta ongi aztertu zein den babestu nahi den ondarea. Beraz, sistema ezarri nahi bada, ongi ezarri beharko da, eta ziurtatu beharko da pauso guztiak berme nahikoarekin ematen direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.