Ezinikusi gogorragoa

Aspaldiko desfile gogorrena izan zen larunbatekoa Jaizkibel taldearentzat: jazarri egin zioten. Atzerapausoa izan dela aitortu dute guztiek. Jaizkibelek ohartarazi du ez duela hori onartuko. Jarrera muturrekoak agerian geratu dira elizan: apaizari kargu hartu diote auzia bidera dezatela eskatu duelako.
Plastiko beltzak eta kartelak, larunbatean, Hondarribian.
Plastiko beltzak eta kartelak, larunbatean, Hondarribian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Garikoitz Goikoetxea -

2018ko irailak 11
Atzerapausotzat jo dute denek: larunbatean Hondarribian (Gipuzkoa) jazarri egin zioten Jaizkibel konpainia parekideari, azken urteetan baino gogortasun handiagoz. Orain arteko mugak gainditu zituzten: plastiko eta kartel beltzekin batera, bozgorailuetatik zarata itogarria zabaldu zuten. «Atzera doan olatu baten alderdirik bortitzena» izan zen, Jaizkibelek berak salatu duenez. Erantsi du Ertzaintzak ez zituela babestu: «zigorgabetasun osoz» jardun zutela euren kontra. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak erantzun du aztertzen ari dela zenbateraino urratu zituzten ebazpenak, eta zarata eragoztea ez dagokiola berari. Jaizkibelek ohartarazi du ez duela «atzerapausorik» onartuko. Ezinikusia norainokoa den, atzo bertan izan zuten beste adibide bat Hondarribian: kargu hartu zioten apaizari elizan, arazoa bideratzeko eginahala eskatu zuelako.

Urteotan plastiko beltzen artean desfilatu behar izan du Jaizkibelek Kale Nagusian: alardean emakume soldadurik onartzen ez dutenak kale osoan jarrita egoten dira, eta kartelak eta plastikoak zabaltzen dituzte —neska nerabeak dira gehienak—. Aurten berritasun bat izan da: Gipuzkoako Aldundiak, Denis Itxaso Kultura diputatuaren bitartez, eskatu die ez jartzeko plastikorik Jaizkibelen bidea eragozteko; konpainia parekidearen aurka plastikoak jartzea «erasotzat» jo zuen Itxasok.

Kasurik ez zioten egin dei horri, eta, areago, gogortu egin zuten jazarpena. «Nola da posible XXI. mendean gai ez izatea 'bizi eta utzi bizitzen' leloa geure egiteko?», galdetu zuen Itxasok goizeko desfilea amaitu berritan. Haren jokabidearekin ados ez dagoela iradoki du Maribel Bakero Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendariak, BERRIAri helarazitako mezu batean: «Argi gelditu da diskreziotik egindako lana dela benetan baliagarria, eta ez hedabideen aurrean soilik egiten diren azken uneko adierazpenak». Ostegunean zabaldu zuen oharra Itxasok, alardearen eguna baino bi egun lehenago; aldundiaren izenean eskatu zuen plastikorik ez jartzeko, baina bistakoa da desadostasunak dituztela. Itxasorekin hitz egiten saiatu zen atzo kazeta hau, baina ez zuen nahi izan.

Erakundeen ardura

Larunbatekoa atzerapausoa izan zela, bat dator horretan Bakero: «Benetan tristea izan da. Inork desio ez zituen egoerak bizi izan ziren». Antzeko mezua eman du Hondarribiko alkateak, Txomin Sagarzazuk: «Oso ondo dakigu atzera egin dugula». Larunbatekoa «mingarria» izan zela aitortu du Euskadi Irratian —kazeta hau ere saiatu da harekin hitz egiten, baina erantzun diote bihar-etzitan hitz egingo duela jaiei buruz—. Emakumeak soldadu gisa onartzen ez dituzten konpainiei harrera egiten die alkateak, baina Jaizkibeli, ez. Hori zergatik egiten duen galdetuta, ez du erantzun nahi izan. Bizikidetzari buruz «gogoeta» egiteko eskatu du.

Aldundiak ere elkarbizitzaren esparrutik heldu nahi dio gaiari, eta aurki azterketa bat aurkeztekoa du. Lan luzea dagoela egiteko, mezu hori eman du Bakerok: «Jakin badakigu irtenbidea epe ertain edo luzera bilatuko dela bi herrietan, eta, bi kasuetan, herritarren eskutik etorriko dela parte handi batean». Eusko Jaurlaritzari dagokionez, Lehendakaritzako iturriek azaldu dute Emakunde dela gobernuaren ahotsa gai horretan. Hondarribian izan zen larunbatean Izaskun Landaida zuzendaria; atzerapausoa salatu zuen, eta bereziki udalari eskatu zion ardura hartzeko.

Jaizkibel konpainiak berak ere uste du udalaren rolak zuzeneko zerikusia duela: udalak «okertutako eta oker kudeatutako» gatazka dela alardearena, eta handitzen ari dela «olatu atzerakoia». Larunbateko jazarpenaren atzean urteotan guztietan pilatutako «inpunitatea» ikusten du konpainiak. «Asko dira Jaizkibelek bizi izandako eraso bortitzaren arduradunak. Urte askotako utzikeriaren ondorioa da».

Jokabide horien arrastoa erakusten du atzo goizean Hondarribiko elizan gertatutakoak. Jaietako egitarau ofizialaren barruan, elizkizun bat zuten 1638ko setioan hildakoak gogoratzeko —hura du jatorrian alardeak: Guadalupeko ama birjinari eskerrak ematen dizkiote herria setio hartatik libratzen lagundu zuela eta—. Homilian, larunbateko gertakariak aipatu zituen apaizak, Biktoriano Etxabek. Hala kontatu dio BERRIAri: «Esan dut tamalgarria izan zela, herri hau ezin dela horrela egon. Ezin dugu horrela segitu beste 22 urtez. Beste belaunaldi bat horrela?». Elizan bildutakoei ohartarazi zien «erronka» dutela gatazka konpontzen.

Apaizaren hitzak ez zituzten begi onez hartu eliztar guztiek, eta emakume bat aldarera igo zen kontra hitz egitera. «Emakume horrek eta beste batzuek gaizki hartu dute esandakoa», aitortu du erretoreak. Udaleko agintariak ere elizkizunean zeuden.

Ertzaintzaren jokabidea

Tentsio handiko desfilea izan zen larunbatekoa, azken urteetako gogorrena Jaizkibeleko kideentzat. Berritasun bat zuten ibilbidean: desfile ofizialaren aurretik ere igaro ziren Kale Nagusitik —lehen aldia zuten—, eta bereziki gogor egin zieten aurka. «Ustekabean hartu gintuen egoerak, eta shockean utzi zituen asko», adierazi dute lehen balorazio oharrean. Malkotan egin zuten bidea partaide askok, eta haurrak atera egin zituzten desfiletik.

Kazetarien aurka ere jo zuten: oihu egin zieten, iraindu, eta lan tresnak kendu. Erasoak salatu dituzte Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Elkargoak, eta kazetariak babesteko eskatu diote Segurtasun Sailari. Bide beretik, erasoak salatu ditu BERRIA Taldeko langile batzordeak, eta neurriak hartzeko eskatu die instituzioei. Euskal Herriko Informatzaile Grafikoen Elkarteak ere gaitzetsi ditu erasoak. Ertzain bat ere bultzatu zuten; inguruan zeudenek azaldu dute plastiko atzean zeudenek bultza ziotenean jo zuela gizon batek polizia, nahi gabe.

Ertzaintzaren jokabidearekin kritiko hitz egin du, hain zuzen, Jaizkibelek: «inpunitate betea» izan zutela haren aurkako jazarleek. Ertzaintzaren baimenarekin egiten du desfilea Jaizkibelek, eta plastikoak «saihestea» aipatu du Poliziak ebazpenean. Bistakoa da ez dela betetzen. Argibideak eskatu dizkio BERRIAk Segurtasun Sailari. Hango iturrien arabera, bideoak aztertuko dituzte, «debekua zenbateraino bete edo hautsi zen aztertzeko, eta ondorioen araberako neurriak hartzeko». Isunak izan daitezke «neurri» horietako bat; hala esan zien ertzain arduradunak Jaizkibeleko kideei, esku hartzeko eskatzera joan zirenean. Legezko martxa bat trabatzea lepora diezaiekete: 600-30.000 euroko zigorra.

Plastikoez gain, bozgorailuekin egindako zarata izan zen jazarpen bidea. «Ez zegokion Ertzaintzari txistuen eta bozgorailuen kasuan ezer egiterik. Izatekotan ere, gehiegizko soinuagatik edo, udal arautegiaren esparruko arau haustea izango zen», erantzun dute saileko iturriek. EH Bilduk Estefania Beltran de Heredia sailburuaren agerraldia eskatu du Eusko Legebiltzarrean, eta Iñigo Urkullu lehendakariarena ere bai.

Jarriko du zeresana auziak datozen egunetan ere. Hondarribiko Emakumeak taldeak, protesten antolatzaileak, bilera egingo du «eraso» egin zietela salatzeko.

Gaitzespenik gabeko erasoak

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna