Miriam Santorcuato. Askabideko presidentea

«Oraindik ere aldarrikatu behar dugu prostituten duintasuna»

35 urtez prostitutekin Bizkaian egindako lanaren aitortza gisa, Berdintasunaren Aldeko Emakunde saria jasoko du elkarteak astelehenean. Santorcuatok ohartarazi du prostituzioaren oraingo moldeek gero eta ikusezinago egiten dituztela andreak.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2021eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
1985ean hasi zen Askabide elkartea Bizkaian prostituzioan diharduten emakumeei arreta ematen, bereziki bazterturik bizi direnei. «Pertsonen duintasunaren eta eskubideen alde aritzen gara», laburbildu du Miriam Santorcuato presidenteak (Bilbo, 1966). Urteotako lan horri aitortza egin dio Emakundek: Berdintasunaren Aldeko Emakunde saria eman dio, aho batez; besteak beste, kolektibo horren «bizi kalitatea hobetzeko egindako ibilbidea» txalotu du. Astelehenean izango da saria emateko ekitaldia.

Zer dakar sari honek Askabiderentzat?

Pozarren gaude sariarekin, elkartearen 35 urteko lanaren oso aitortza handia delako: berdintasuna gure printzipio eta helburuetako bat da. Gainera, Askabiden argi dugu gure lana gizarte eraldaketan oinarritzen dela: prostituten kolektiboa ikusgai egiten badugu, duintasunarekin lotzen badugu, errespetuzko jokabideez hitz egiten badugu, aukerak ematen badizkiegu... gizarte parekideago, inklusiboago eta bidezkoago bat eraikitzen arituko gara.

Urtea bete da pandemia hasi zenetik. Zer ondorio izan ditu prostitutengan?

Edozein krisik gogorrago jotzen ditu egoera kalteberagoan dauden pertsonak eta kolektiboak. Eta prostituzioan diharduten emakumeak berez daude bazterturik, babesik gabe eta ikusezin. Pandemiak areagotu egin du hori. Konfinamendua iritsi zenean, lan egin ezinda geratu ziren, eta, beraz, diru sarrerarik gabe, eta bestelako jardueretan aritzeko ia aukerarik gabe. Gutxi batzuk telematikoki aritu ziren, baina gehienak oso prekario geratu ziren. Gure lehentasuna izan zen haien alboan jarraitzea, euren behar zehatzei erantzuten. Eta premia horiek oso oinarrizkoak izan ziren: janaria banatzen, alokairuak pagatzen eta babes emozionala ematen ibili ginen. Urteak ziren ez genuela janaria banatzen.

Eta konfinamenduaren ondoren, zer gertatu da?

Gizartean oro har gertatu den bezala, apurka joan dira ohiko jarduna berreskuratzen, pandemiako mugekin bada ere.

Hala ere, zaila izango da lehengora itzultzea, ezta? Gaueko aisialdia eta klubak itxita egoteak eragingo du...

Bai, eragina du horrek, etxeratze aginduak, ostalaritzaren ordutegiek, itxiera perimetralek... Eta portaerak ere aldatu egin dira: bezero asko kutsatzeko beldurrez daude, eta horrek diru sarrerak gutxitzea dakar. Ez konfinamendu garaian bezainbeste, baina oraindik iristen zaizkigu oinarrizko laguntza behar duten andreak.

Lan gutxiago edukitzeak behartzen al ditu bestela onartuko ez lituzketen zerbitzuak edo baldintzak onartzera?

Ohiko jokabidea izaten da premia handiko uneetan halakoak onartu behar izatea. Guk ez dugu datu zehatzik, eta ez digute halakorik kontatu, baina gerta daiteke, bai.

Askabidek 35 urte daramatza lanean. Zertan aldatu da prostituzioa azken hamarkadetan?

Gauza askotan; izan ere, prostituzioa ez da desagertzen; alda daitezke espazioak eta emakumeen soslaiak, baina hor jarraitzen du. Garai batean, prostituzioa kaleko klub txikietan eta tabernetan egiten zen, eta andreak batik bat bertakoak ziren; hori apurka aldatuz joan da. Batetik, auzoa [San Frantzisko, Bilbon] gain behera etorri zen, klub asko itxi zituzten eta jarduna beste gune batzuetara lekualdatu zen; aldi berean, klubak agertu ziren errepideetan, eta geroago makroklubak, industrialdeetan-eta. Bestetik, prostituzioan ziharduten bertako andreak zahartuz joan ziren eta etorkinak hasi ziren, eta orain gehiengoa dira. Apurka etxebizitzen fenomenoa ere heldu da; azken urteetan klub handiak itxi egin dira, eta etxeen eredua gailentzen ari da, batzuetan emakumeek eurek zuzenean kudeatuta. Haiekin harremanetan jartzeko modua ere aldatu da: egun ez dago ia iragarkirik egunkarietan, Internet bidez egiten da batez ere.

Bilakaera horrek zuen lana ere aldatu du?

Gu beti saiatu gara emakumeak dauden lekuetara joaten, baina badira zailtasunak. Klubak ikusi egiten ditugu, badakigu non daude, eta batzuetan sartzeko aukera izan dugu, baina etxeetan daudenekin harremanetan jartzea zailagoa da: oso aldakorrak dira—etengabe itxi eta irekitzen dituzte—, kudeaketa modu asko dauzkate —batzuetan taldeka aritzen dira, eta beste batzuetan ez dute elkar ezagutzen, edo logela bat alokatzen dute—... Eta horrek baditu eragin negatiboak andreengan ere: ikusezinagoak dira orain, eta babesgabeago daude. Oso kezkatuta gaude horrekin.

Haien aurkako indarkeriagatik?

Bai. Prostituzioan diharduten andreek bortizkeria jasaten dute dimentsio guztietan: kolpeak, irainak, umiliazioak, adostu gabeko zerbitzuak, substantzien kontsumoa, sexu erasoak... Berez babes gutxi duen kolektibo batez ari gara; pentsa zer gerta daitekeen etxe batera joaten edo auto batean sartzen direnean... Kalteberatasuna areagotu egiten da. Haiekiko esku hartzean, saiatzen gara ohar daitezen indarkeria hori ez datorrela beren jardunarekin, askok barneratuta baitaukate prostitutak direnez halakoak jasan behar dituztela; ahalduntze lan bat egin behar da hor, erasoak identifika ditzaten, mugak jartzeko gai izan daitezen. Eta mezu hori gizarteari ere helarazi behar zaio: prostitutekin ere errespetuzko portaerak izan behar dira. Oraindik ere aldarrikatu behar da prostituzioan diharduten emakumeek duintasuna eta eskubideak dituztela, gainerako pertsonek bezala.

Estigmarekin eta autoestigmarekin lotuta al dago hori?

Bai. Oso adierazgarria da estigma: bizi osoan markatuta egongo dira prostituzioan aritzeagatik, eta gizartean ez gara gai izango andre horiek ikusteko jardun horretatik harago. Baina haiek ere badituzte gaitasunak, ametsak, potentziala, desioak. Estigmari aurre egiteko, babes psikologikoa ematea eta ahalduntzea lantzea oso inportantea da; haiek ere jabetu behar dute euren balioaz.

Bortizkeria kasuetan, salaketa jartzea planteatzen diezue?

Salaketaren auzia konplexua da: batetik, berez zaila delako prozesua, beste bortizkerietan bezala; bestetik, andre askok ez dutelako paperik. Bestelako prebentzio neurriak lantzen ditugu.

Kaleko prostituziorik geratzen al da egun?

Pixka bat, baina tarteka mugitzen da. Aspaldii ez dela, emakume nigeriar talde bat egoten zen kalean, auzoan, eta haiekin egitasmo bat abiatu genuen: lokal bat ireki genuen, leku bat eduki zezaten hotzetik babesteko, kafe bat hartzeko edo komunera joateko, eta, aldi berean, gure hezitzaileek haiekin lan egin ahal izateko.

Bilboko Udalak espazio publikoaren erabilerari buruzko ordenantza onartu zuen 2010ean, eta, bertan, debekatu zuen kalean sexu zerbitzuak eskaintzea edo erostea. Isunak jarri zituzten, eta polemika handia eragin zuen. Nola dago gaia orain?

Garai hartan, isun batzuk jarri zituzten, baina urteekin lasaitu egin da kontua. Edonola ere, prostituzioaren inguruko neurriekin tentuz ibili behar da. Auzi honetan bi elementu daude: generoa eta pobrezia; eta biek areagotzen dute bazterketa eta zaurgarritasuna. Oro har, emakume pobreak aritzen dira prostituzioan; bezeroen artean, berriz, ez dago hain soslai zehatzik, askotariko gizonak dira, baina gehienak gizarteratuta daude. Prostituzioaren aurka jarduteko bezeroei isunak jartzea bi arazo dakartza: batetik, emakumeei ere kalte egiten diela, eta, bestetik, gehiago kostatzen dela, hau da, errazagoa dela bazterturik dagoen andre bati isuna jartzea.

Askabidek ez du inoiz jarrera jakin bat defendatu prostituzionaren inguruko eztabaidan, baina, emakume horien beharrak hurbiletik ezagututa, zer eskaera egingo zenieke instituzioei?

Gure misioa da kolektiboaren beharrizanak identifikatzea eta artatzea. Prostituzioaren inguruan pentsatu eta eztabaidatu egin behar da, baina hori gertatzen den bitartean, andre hauek bazterturik eta babesgabetasun egoera larrian daude, oinarrizko premiekin, eta gu horretarako gaude. Elkarteko kideon artean ikuspegi diferenteak ditugu, baina eginkizun horrek elkartzen gaitu: emakume horiei ahotsa eman behar diegu, entzun behar diegu, haien prozesuen protagonista izan daitezen. Beraz, gure eskaera nagusietako bat da kontuan har ditzatela edozein neurri hartzean. Eta aukera gehiago nahi genituzke haientzat, ez nahitaez prostituzioa uzteko, baizik eta hauta dezaten zer bide hartu. Askabiden ez ditugu andreak epaitzen: hemengo atea gurutzatzen dutenean, saiatzen gara konfiantza giro bat sortzen, eta beren egoeren eta premien arabera lan egiten, beren erabakiak errespetatuz.

Ildo horretan, zuek arropa denda bat ireki duzue auzoan, Mari Makeda, prostituzioan ziharduten emakumeekin. Eraginkorrak al dira halako proiektuak prostituzioa utzi nahi dutenentzat?

Bai, alternatiba egonkorrak eskaintzen bazaizkie, bai. Tira, pandemiaren ondorioz denda itxi behar izan dugu, eta ez dakigu zer gertatuko den. Baina Askabiden badugu lan ildo sendo bat horrekin lotuta, andreek ere eskatzen dutelako trebatzea, lan aholkularitza jasotzea... Eta ateratzen dira prostituziotik, baina zaila da askorentzat, bazterturik dauden beste kolektiboentzat bezala, aurrez aurre topo egiten dutelako oztopo administratiboekin, atzerritarrentzako politikekin, enplegua aurkitzeko zailtasunekin...

Zer traba dakarkie etorkin izateak edo paperik ez edukitzeak?

Bada, adibidez, ezin dituzte ikasketak homologatu, formakuntza batzuetan sartzea zaila da... Eta paperak lortzeko, urtebetez lan kontratu bat edukitzeko aukera emango dien norbait behar dute. Oro har, etorkinek aurre egin behar diete gure sistema administratiboaren zailtasun askori: zaila dute etxea aurkitzea, erroldatzea, laguntzak eskuratzea... Ez legoke txarto tramite administratibo horiek erraztea, adibidez; migratzaileei aukerak eman behar zaizkie.

Prostituzioa asko aldatu da azken urteetan; zer gertatu da sexu esplotaziorako salerosketarekin? Areagotu al da?

Prostituzioa alegala da, baina salerosketa delitu bat da; beraz, beste lan dimentsio bat da, beste molde bateko esku hartzea behar duena, Poliziarekiko eta justizia administrazioarekiko elkarlanean. Gai konplexua da: nazioarteko delitu bat da, diru asko mugitzen duen negozioa, eta emakumeengan ondorio larriak ditu, askatasuna kentzen dietelako, eta sarri bizia ere arriskuan izaten dute. Hala ere, uste dut azken urteetan kontzientziaren arloan aurrerapauso handiak egin ditugula: poliziak, epaileak, gobernuak, estamentu guztiak daude sentsibilizatuago salerosketaren aurkako borrokarekin, baita trebatuago ere; ondorioz, orain salerosketa kasu gehiago atzemateko eta salatzeko gai gara.

Nola detektatzen dira?

Batez ere, emakumeen bidez: batek salaketa jartzea lortzen duenean edo Poliziak susmoren bat duenean, segurtasun indarrek esku hartzen dute, andreak hortik atera eta harrera baliabideren batera eramaten dituzte. Guk ere, emakumeekin haien espazioetan egiten dugun lanean, ikuspegi hori izaten dugu kontuan: susmoren bat badugu, saiatzen gara esku hartzen.

Zer gertatzen da andreekin salerosketa sare bat desegiten denean?

Lehenik, haien segurtasunari dagokionez, arriskuaren balorazioa egin behar da: batzuek inguru edo lurralde batetik urrundu beharko dute; beste batzuek babeserako zaintza beharko dute, eta beste batzuk libreki mugitu ahalko dira kalean. Ondorengo esku hartzea andreen beharren araberakoa da: laguntza medikoa, gai administratiboak, oinarrizko premiak —etxea, jana—, aholkularitza juridikoa, trebakuntza...

Poliziak andreok kanporatzeko arriskua izaten da?

Printzipioz, ez. Baina salaketaren auzia sartzen da tartean: salaketa jartzea eskatzen diete prozesuarekin aurrera jarraitzeko. Bestela, egoeraren araberakoa izaten da: zer harrera baliabidetan dauden, paperik daukaten, pasaportea berreskuratu duten... Eta haien hautuen araberakoa ere bada, andre batzuek jaioterrira itzultzea erabakitzen baitute.

Salerosketa delitu bat da, eta adostasuna dago horren aurka jardun beharra dagoela. Halere, salerosketa izan gabe, zer gehiegikeria dago prostituzioan?

Proxenetismoa eta prostituzioan jardutera behartzea ere zigortuta daude. Eta, horrez gain, prostitutak askotan abusuzko baldintzetan aritzen dira, lanaldi oso luzeekin, adibidez. Alor horretan lan egitea zaila da, baita emakumeekin ere: klubetan daudenak, adibidez, asko mugitzen dira hiri batetik bestera, eta ez da erraza haiekin harremanak sendotzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.