Txernobil, 30 urte. Iritziak

Beste energia iturri bat

Fernando Legarda
2016ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Energia nuklearra sortzeaz hitz egiten dugunean, normalean termino sasi-magikoez hitz egiten dugu. Badirudi indar izugarri eta ezezagun bati buruz ari garela, gizakientzat hondamendi izugarrienak eragin ditzakeenaz.

Errealitatea guztiz ezberdina da. Errealitatea da prozesu industrial bati buruz ari garela, erregai bat darabilena fluido bat berotzeko, eta horrek aukera ematen digu energia elektrikoa —eta batzuetan termikoa— lortzeko. Berdin-berdin gertatzen da ohiko zentral termoelektriko batean gasa, ikatza edota fuel-olioa erabiliz. Hori bai, ezberdintasun esanguratsu batekin, eta horrek egiten du hain zuzen ere erakargarriago: energia nuklearrak milioi bat aldiz erregai gutxiago erabiltzen du ohikoak baino, eta, ondorioz, sortze prozesuan ez ditu berotegi efektuko gasak sortzen.

Energia nuklearrean, edozein instalazio industrialetan bezala, matxurekin lotutako arriskuak daude. Arrisku horiek abaniko zabal batean sartzen dira, instalazioaren geratze batetik auto-suntsiketaraino, eta azken kasu horretan aukera dago gertakari zoritxarrekoak izateko instalazioko langileen eta inguruko biztanleen artean. Baina istripu horiek ez dira bakarrik instalazio hauetan gertatzen. Pentsa dezagun Ondarroako hozkailu enpresan izandako ezbeharrean edo 2009an Rio Janeiro-Paris arteko hegaldian izan zen istripuan —238 lagun hil ziren— edota Bhopalgo planta kimikokoan —25.000 hil ziren—.

Nazioarteko erakundeei kasu eginez gero, eta egin beharko genieke, Txernobylgo istripuak 4.000 hildako eragingo ditu, Osasunerako Mundu Erakundearen (OME) arabera. Haietako 50 larrialdi zerbitzuetako beharginak izan ziren, bederatzi ume tiroideetako minbiziagatik hil dira, eta gainerakoak minbizia eta leuzemiagatik hilko dira erradiazioak erasandako 600.000 lagunen artean, haien artean larrialdi zerbitzuetako beharginak, ebakuatutako biztanleak eta ebakuatu gabeak. Haien artean aurreikusten da 150.000 minbizia naturalengatik hilko direla, eta istripuak %3ko hazkundea ekarriko luke, beraz.

Fukushimaren kasuan, berriz, OMEk jakinarazi du erradiazioak zuzenki eragindako osasun arriskua apala dela Japonian eta oso-oso apala inguruko herrialdeetan. Ez da hildakorik izan erradiazioaren eraginez eta minbiziak garatzeko arriskua txikia da. Lurrikarak eta ondorengo tsunamiak 15.000 hildako baino gehiago eragin zituzten, 3.000 lagun desagertu ziren eta 6.000 inguru zauritu ziren.

Horrez gain, aipatu behar da bi istripuotan, energia nuklearraren sorkuntzaren historian handienak, geratu dela lurralde zati bat erradioaktibitate kopuru ezberdinez kutsatuta eta denborarekin berreskuratzen joango direla, Bhopalen istripuan gertatu den moduan.

Ezin genezake ahaztu zentral nuklearraren kostua oso altua dela, eta, beraz, inori ez zaiola interesatzen istripu bat egotea. Horregatik, industria nuklearrak, zientzialariek eta agintariek bultzatuta, sortze beretik —Sobietar Batasunean, 1954an— arreta berezia jarri diote istripuak prebenitzeko lanari.

Hasierako urteotan inguratze-kontzeptuak erabiltzen ziren, litekeen istripurik handiena bezala, eta horrekin aurreikusi nahi zuten gertatu zitekeen gehiena haren ondorioak ahalik eta gehien arintzeko helburuz. 1975ean segurtasunari buruzko lehen txosten zehatza argitaratu zen, Rasmussen txostena, AEBetako Massachusettseko Teknologia Institutuko irakaslearena.

1979an Harrisburgeko zentral nuklearreko istripua gertatu zen (Pennsylvania, AEB) eta hor hasi zen zentralen segurtasunaren azterketaren teknologia garatzen, haiek unean-unean ikertu ahal izateko. Teknologia hori garatzen joan da, orain arte, eta horrela iritsi gara 3. edo 3.+ belaunaldiko zentraletara. Horiek dira gaur egun munduan eraikitzen ari direnak (AP1000, EPR, ABWR...). Diseinu horien helburuetako bat da, hain zuzen ere, istripu aukerak gutxitzea eta kanpoko kalteak arintzea. Bai Txernobylgo eta bai Fukushimako zentralak 2. belaunaldikoak ziren.

Teknologia nuklearraren historia, aeronautika bezalako teknologiarena bezala, esaterako, akats aukeren azterketa etengabe bat da teknologia hobetzeko eta kalteak saihesteko, eta hor merezi luke gogoratzea inori ez zaiola okurritu abiazioa debekatzea istripu lazgarriak gertatzen badira ere. Kontua da istripuak saihestea teknologiaren onurak jasotzeko kostu txiki batekin edo kosturik gabe, nahiz eta denok dakigun ezinezkoa dela zero arriskua ia inongo alorretan.

Zentzu horretan, komeniko litzateke gogoratzea Fukushimako istripuaren ondoren zentralei egin zitzaizkien erresistentzia probak, ikusteko zentral horiek zehaztutako plangintzaren arabera funtzionatuko dutela antzeko egoeratan: lurrikara eta uholdeetan.

Azkenik, eta energia nuklearraren etorkizunaz, gogoratu beharko genuke gaur egun 444 erreaktore daudela martxan mundu osoan eta 64 eraikuntzan eta erabiliko dela iturri ekonomiko, fidagarri eta indartsu baten beharra dagoen toki guztietan. Ez dezagun ahaztu gaur-gaurkoz 1.500 milioi lagunek jarraitzen dutela munduan elektrizitaterako sarbiderik gabe eta beste hainbeste sarbide aski mugatu batekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.