Zer irensten den elikagaiekin batera

Ecologistas en Accion taldeak debekatutako pestizidei buruzko ikerketa bat egin du. Ondorioztatu du baimenak ematen direla «baldintzak aintzat hartu gabe», eta gizakien eta ingurumenaren osasunari kalte egiten dietela. Nekazarien elkarteek iritzi kontrajarriak dituzte.

Traktore bat landareetara pestizida botatzen. TAMAS SOKI / EFE.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Elikagai transgenikoak edo eraldatu gabeak. Ongarri kimikoak dituztenak edo gabeak. Pestizidak dituztenak edo ez dituztenak. Denetariko elikagaiak. Hor dago jokoa: zer irensten den elikagaiarekin batera. Ecologistas en Accion elkarteak debekatutako pestizidak erabiltzeko baimenen inguruko txosten bat egin du. Ondorioztatu du «ohiko» baimenez gain baldintzak bete gabekoak ere ematen dituztela. Hortaz, jakinarazi dute gizakien osasuna eta ingurumenarena arrisku «larrian» daudela, eta irtenbide bat eskatu dute. Nekazariek, berriz, iritzi kontrajarriak dituzte auziaren gainean: pestizidak erabiltzearen aldekoak dira batzuk, eta aurkakoak beste batzuk.

Koldo Hernandez ekologista da txostena ondu duen elkarteko kideetako bat. Azaldu du salbuespenezko baimenak ohiz kanpoko egoeretan eman beharrekoak direla, baina bestelako emaitza bat eskuratu dutela ikerketaren ostean. «Baimenak landare osasunaren larrialdi egoeretan eman behar dira, baina ondorioztatu dugu lizentzia horiek sarritan ematen direla, eta justifikatu gabeko egoeretan, gainera». Izan ere, baldintza batzuk bete beharra dago baimenak eman ahal izateko, Europako Batasuneko araudietako batek jasotzen duen legez; besteak beste, horien erabilerak ezin du gainditu 120 eguneko tartea.

Hasierako asmoa zen ikerketa hainbat garatzea hilabetez, baina, azkenean, lau hilabeteko epea izan zuten ekologistek ondorioak atera ahal izateko. «Ez dago baimenen gaineko erregistrorik,izan ere, epez kanpo gelditu ostean, ezabatu egiten dira», azaldu du ekologistak. Datu horiek Espainiako Nekazaritza Ministerioak ematen ditu; izan ere, hari dagokio baimenak ematea autonomia erkidegoetako gobernuen eskabideen bitartez. Hala, 2018ko apiriletik uztailera bitarterako baimenak dira txostenaren oinarria. «Ministerioak emandako datuak mugatuak dira», gaineratu du Hernandezek.

Halere, emaitza horiek aztertuta, elkarteko kideak ondorio batera iritsi dira: «Badirudi salbuespeneko baimenek landareen osasun larrialdi bati baino gehiago nekazaritza industriari erantzuten dietela». Ikerketaren emaitzek azaleratu dutenez, baimen horietako batzuk «ustezko izurritea agertu baino bi hilabete lehenago» eman dira, eta autonomia erkidego guztiei banatzen zaizkie. «Salbuespenezko baimenak irizpiderik gabe emateak ondorioak dakartza; finean, arriskuak eragin ditzaketen pestizidak dira, eta horregatik ez daude onartuta», nabarmendu du Hernandezek. Hori ikusirik, nekazariek ere badute zer esana; izan ere, Hego Euskal Herrian pestizida horiek erabiltzeko «neurriz kanpoko» baimen batzuk eman dira, talde ekologistaren txostenak azaleratu duenez.

Imanol Ibero Azkarate EHNE Euskal Herriko Nekazaritza Elkarteko Nafarroako lehendakaria eta nekazaria da. Zenbait mahatsondo ekologiko ditu Nafarroan. Badaki badirela bestelako metodo batzuk ere, baina ekologikoaren bideari eusten dio, lurrarentzat onuragarriagoa delakoan: «Mikroorganismoen eta faunaren galera dakar ongarri kimikoen erabilerak; lurraren osasuna kolokan dago». Besteak beste, Oxadiazona eta Propanil diraEuskal Herriko landa eremuetan erabili diren debekatutako pestizidetako batzuk, belar txarren aurkako tratamendu gisa.

Bestelako iritzia du, ordea, Felix Bariain UAGN Nafarroako Nekazarien eta Abeltzainen Batasuna sindikatuko lehendakariak: «Pestiziden gainean hitz egiteak konnotazio negatiboa dakar, baina ziurra da munduko txoko guztietan erabiltzen direla». Nolanahi ere, gaineratu du beharrezkoa dela horien gaineko kontrola izatea, irizpideetatik kanpo erabil ez daitezen.

Horretarako badira nekazariek jarraitu beharreko betebehar batzuk. «Europako Batasunean, nekazari bakoitzak produktu fitosanitarioak erabiltzeko ziurtagiri bat behar du izan; horrez gain, erabilitako produktuak zeintzuk diren ere apuntatu behar du», gaineratu du Bariainek. Hala, produktu horiek erabiltzea babestu du nekazari sindikatuko arduradunak, betiere, horiek duten «segurtasun data» eta «legezkotasuna» errespetatuta.

Ekar ditzaketen ondorioak

Berariazko baimenik ezean, debekatutako pestizida horiek ondorio larriak sortzen dituztelako daude erabileraz kanpo. Batetik, arazoak sor ditzakete ingurumenean bertan; bestetik, gizakien osasunerako ere kaltegarriak dira, batik bat lurzoru horietan lanean aritzen diren langileentzat. Hernandezek hori izan du gogoan:«Substantzia horiek kontrolatzen zailak diren arriskuak sor ditzakete langileengan zein inguruetan bizi diren herritarrengan». Txostenak jasotzen duenaren arabera, substantzietako asko minbizi eragiletzat, toxikotzat eta mutagenotzat sailkatuta daude. Are, sistema hormonalean ere eragin dezakete.

Ingurumenean eragin dezaketen ondorioei dagokienez, berriz, hura zaintzeko lurra ongarriekin lantzea du gogoan Iberok: «Ekologismoak planteatzen duena da lurraren ekosistema ongarri naturalekin lantzea; hala, ekosistema horrek emango dio landatutakoari beharrezko ongarria». Eta, beraz, ez du inolako substantziaren beharrik ikusten, nekazaritza «konbentzionalarekin» alderaketa bat eginda. Nekazaritza mota horretan landatutakoa elikatzeko garaian, bestelako elementu batzuk erabiltzen dituzte, eta, nahiz eta landarea hazi, elementu horiek kanpotik sartutakoak dira; hots, ez dira naturalak. Bariainek, berriz, ohiko pestizidak izan ditu gogoan, debekatuta daudenez harago: «Inork ez du arazorik antzeman horien erabileran; hala balitz, debekatuta egongo lirateke».

Elkarte ekologistako ordezkariak nabarmendu du «errotiko» aldaketa bat egon ezean egoerak horrela jarraituko duela: «Salbuespena izan beharrean baimenak ohiko egoeretan ematen badira, industriak ez ditu garatuko ingurumenarentzako lagunkoiagoak diren metodoak; finean, ez dauka horretarako beharrik, toxiko berak saltzen arituko baita urtero». Egoerari irtenbidea emateko asmoz, hainbat bide planteatu dituzte ekologistek eta nekazariek.

Egoeraren aurrean, aukerak

Substantzia horien erabilera erregulatu eta irtenbide bat aurkitzea helburu, hainbat aukera proposatu dituzte batzuek zein besteek. «Eskatzen duguna da, baimenak justifikatzeaz gain, murriztu eta mugatu daitezela», esan du ekologistak. Hala, gaineratu du, baimenak ematekotan, soilik izurrite bat dagoenean eman beharko liratekeela, eta ez autonomia erkidego guztietan eskaini, ohiko protokolo baten gisara. Hernandezek azaldu du administrazioak duela horren gaineko erantzukizuna: autonomia erkidegoak eta ministerioak, hain zuzen ere.

Iberok, berriz, nekazaritza ekologikoan du itxaropena. Haren ustez, «berehalakotasuna» nagusi den merkatu sistema baten menpe bizi da gizartea, eta, ondorioz, nekazari txikienek ere beren jarduteko modua aldatu behar izan dute. Dena dela, nekazariak esan du egoera aldatzea «zaila» izan arren, ez dela ezinezkoa: «Posible da, baina kudeatzen diren hektarea guztiak ekologikora pasatzea ez da azkar egin daitekeen kontu bat». UAGNeko lehendakariak ere egin du lotura Iberok aipatutakoarekin; izan ere, haren esanetan, egun nekazaritza intentsiboak agintzen du, eta, beraz, «beharrezkoa» da pestizidak erabiltzea. «Guztiok pestiziden aurka egongo bagina, ez litzateke mundu osoarentzako elikagairik egongo», gaineratu du Bariainek.

Sindikatuko lehendakariak nabarmendu du ekologistek, «gizartean alarma piztu baino lehenago», salaketa jarri beharko luketela, arau urratze bat antzemanez gero. Pestiziden prezioak igotzea ere aipatu du. Iberok gaineratu du egoeraren erantzukizuna administrazioarena soilik ez, nekazariena eta kontsumitzaileena ere badela. «Egoerak hiruko konpromisoa eskatzen du: administrazioa, elikagai sortzaileak eta kontsumitzaileak. Finean, hirurok dugu elkarren beharra; izan ere, elikagai sortzaile izateaz gain, sortze horretatik bizi gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.