Nafarroako ubidearen bigarren faseko lanak 2023an lizitatuko dituzte

71,4 kilometro luze izango da hodia, eta Ablitas eta Pitillas batuko ditu. Txibitek 249,7 milioi euroko aurrekontua aurreikusten du obra egiteko

Maria Txibite, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Nafarroako presidente Maria Txibitek iragarri du Nafarroako ubidearen bigarren faseko lanak datorren urtean lizitatzeko asmoa dutela, Erriberara «kalitatezko ura» bideratzeko helburuarekin. 71,4 kilometroko luzera izango duen altzairuzko hodi bikoitz bat eraikiko dute, Ablitasetik Pitillasera bidean. Nafarroako Gobernuak 249,7 milioi euroko aurrekontua aurreikusten du, eta lanak 48 hilabeteko epean amaitzea.

Canasa sozietate publikoko administrazio kontseiluarekin bildu da presidentea, eta bileraren ostean jakinarazi du proiektuak bide emango duela Erriberara giza kontsumorako eta ureztatze industrialerako balioko duen ura garraiatzeko: «70.000 biztanlek kalitatezko ura kontsumitzeko eta 21.522 hektarea ureztatzeko bermea izango da». Era berean, nabarmendu du ubideak klima larrialdiaren eraginei aurre egiten lagunduko duela eremuan, baita garapen ekonomikoan ere.

Obren xehetasun batzuk ere eman ditu presidenteak. Hodiak Aragoi, Ebro eta Quiles ibaiak, Bardeak eta A-68 eta AP-68 autobideak igaroko ditu, eta ura jasotzeko bi idoi eraikiko dituzte bidean: Pitillas eta Tutera herrietatik gertu. Lehenak 107.000 metro kubiko ur jasotzeko gaitasuna izango du; bigarrenak, berriz, 7,95 milioi metro kubiko.

Txibitek azaldu du hilabete amaierarako proiektuaren nondik norakoak zehaztuko dituztela, ondoren Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren esku uzteko, hark bere onespena eman dezan. Hala, beharrezko administrazio eta ingurumen tramitazioak eginda, 2023a amaitu aurretik lizitatzea espero du.

Obren helburua Itoizko urtegia eta Erribera lotzea da. Horretarako, lanen lehen fasea amaituta dago, urtegitik Ablitaserakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.