COVID ziurtagiriaren aurkako protestekin segitzen dute Guadalupen

Igor Susaeta.
2021eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Frantziako Gobernuak COVID-19ari aurre egiteko ezarritako neurrien aurka protestan segitzen dute Guadalupe itsasoz haraindiko departamenduan. Joan den astearen hasieran sindikatu batzuek eta herritarren zenbait mugimenduk abiatutako greba orokorrari eusten diote. Mobilizazioetan istiluak izan dira; arpilatzeak, barrikadak egin dituzte, eta, azkeneko datuen arabera, polizia indarrek 80 bat pertsona atxilotu dituzte azken egunetako protestetan. Martinican ere, Frantziaren beste kolonia batean, alegia, manifestazioak egiten hasi dira arrazoi berarengatik. «Egoera baretze aldera», Parisek elkarrizketaren bidea ireki nahi du Antilletako bi uharte horietako instituzioekin

Frantziako Gobernuak COVID ziurtagiriaren erabilera ezarri du, eta, gainera, txertatzera derrigortu ditu osasun arloko langileak. Horren kontra egiteko atera dira kalera Guadalupen, baina badira arrazoi gehiago, Frantziako hedabideen arabera: langabezia tasa handia dela eta herritarrei maiztasunez mozten dietela ura, esaterako.

Metropoliaren datuekin alderatuta, txertaketa tasa apalagoa da Guadalupen: Frantziako osasun agintarien datuen arabera, herritarren %77 dosi bat hartuta ziren duela astebete metropolian, eta Guadalupen portzentaje hori %40koa zen.

Jean Castex Frantziako lehen ministroak, hain zuzen ere, positibo eman zuen herenegun iluntzean, eta kritikatua izan da azken astean adierazi izan duelako Guadalupen «arduragabe» jokatzen ari direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.