Navaleko langileek «erreskate bat» eskatu diete Gasteizi eta Madrili

Eusko Jaurlaritza harremanetan dago bankuekin eta armadorearekin, baina baztertuta dauka ontziolan dirua zuzenean sartzeko aukera

Jon Fernandez.
2018ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Ontziola behin betiko ez hondoratzeko, aterabide bakarra ikusten du Navaleko langile batzordeak: Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua buru-belarri sartzea konpainia erreskatatzeko bidean. Horixe da Sestaoko (Bizkaia) enpresaren bideragarritasuna eta etorkizuna bermatzeko aukera bakarra, langile batzordeak ohar bidez azaldu duenez.

Atzo jakinarazi zutenez, langileen ordezkariek herenegun bilera bat egin zuten Arantxa Tapiarekin, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburuarekin. Langileek azaldu zioten kezkatuta daudela, bankuek eta Herbehereetako Van Oord armadoreak Vox Alexia draga eraikitzeko lortu beharreko akordioa «modu ulertezinean ari delako atzeratzen».

Ontziola hartzekodunen konkurtsoan dago iazko urritik, inbertitzaile berri baten zain, eta bere nasetan ontzi bakarra dauka: Vox Alexia. Baina finantzaketa arazoak bitarteko, dragaren hezurdura baino ez dago eginda, eta airean dago armadoreak eta bankuek hura bukatzeko akordioa lortuko ote duten ala ez.

Ontzi horren eraikuntza bideratzeak hogei hilabeteko arnasa eman diezaioke ontziolari, inbertitzaile berri bat bilatu bitartean, baina hori ahalbidetuko lukeen operazio finantzarioa berez da konplexua, eta are gehiago konplikatzen ari da egunetik egunera.

Armadoreak draga eraikitzeko kontratua eten zuen ontziolarekin, eta bankuei 42 milioi euroren bermeak itzultzeko eskatu zien. Gero,Vox Alexia-ren kroskoa bankuei erosi nahi zien —haiena litzateke jabetza—, eta Navalekin negoziatu draga ontziolan bertan amaitzeko. Bankuak, ordea, ez daude prest bermeak gauzatzeko, armadorean eskaintza urria delakoan, eta negoziazioak blokeatuta daude.

Langile batzordearen esanetan, Tapiak herenegungo bileran azaldu zien Eusko Jaurlaritza «maila gorenean» ari dela hitz egiten bankuekin, eta gutun bat bidali diola armadoreari, «draga Sestaon amaitzeko konpromisoa eskatzeko». Hala ere, langile batzordeak esplikatu du Tapiak prestasun txikiagoa erakutsi zuela ontziola erreskatatzeko aukeraren inguruan.

Izan ere, sailburuak erantzun zien Europako Batasunak ez duela onartzen gobernuek arazo ekonomikoak dauzkaten erakunde pribatuak diru laguntza publikoz laguntzea. Beraz, Tapiaren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak «ezingo luke ezer egin» Naval hartzekodunen konkurtsotik atera arte.

Kritika bankuei

Ez da lehenengo aldia Gasteizko gobernuak erreskatearen aukera baztertzen duena. Iazko urrian, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak berak esan zuen ez daukala asmorik zuzenean dirua jartzeko. Administrazio publikoek Bruselak ezarritako mugak dituzte kolokan dauden enpresak laguntzeko; besteak beste, EBko lehiakortasun arauak ez apurtzeko eta kontu publikoek arrisku handiegiak ez hartzeko. Nolanahi ere, zeharka laguntzeko moduak badituzte erakunde publikoek: zergen bidez, enpresen laguntzarako funts publiko-pribatuak sortuz eta abar.

Edonola ere, langile batzordeak Espainiako Gobernuan izandako aldaketa politikoa baliatzeko eskatu dio Jaurlaritzari, bi gobernuen artean negoziazio mahai bat osatu dezaten Naval nola erreskatatu eztabaidatzeko.

Beharginek bankuei eta armadoreari eskatu diote berriz ere batzartzeko: «Berriro elkartu behar dira, eta bakoitzak zerbaitetan amore eman». Halaber, bankuen jarrera kritikatu du langile batzordeak: «Ez dira mesederik egiten ari ontziolen sektoreari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.