Aldrebestu zaie plana AEBei

Israelgo bozak aurreratzeak Ekialde Hurbilerako bake planaren egutegia alda lezake. Bilera bat egingo dute Bahrainen inbertsioak bermatzeko

Netanyahu eta Kushner herenegun, Jerusalemen, bien arteko bilera hasi aurretik. STERN MATTY / EFE.
ander perez zala
2019ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak bake plan bat du Ekialde Hurbilerako; tartean dago, haren iritziz, Palestinaren eta Israelen arteko gatazka konpontzeko irtenbidea. Plana Jared Kushner AEBetako presidentearen aholkulariak ondu du, baina oraindik ez dute testuaren edukiaren berri eman. Plan horren lehen zatia, baina, eman zuten argitara: hilaren 25aren eta 26aren artean «mintegi bat» egingo dute Bahraingo hiriburuan, Manaman. Horren helburua, joan den hilean Etxe Zuriakazaldu zuenez, Palestinarako inbertsioak lortzea izango da, batez ere herrialde arabiarretatik; eta bilera horretan izango dira, besteak beste, Europako, Asiako eta Ekialde Hurbileko agintarietako batzuk eta zenbait enpresari. Han azalduko dute Trumpek «mende honetako planik onenean» bildu dituen ideietako batzuk, inbertsio horiek bermatze aldera. Hori da oinarrizko ideia, baina Israelgo hauteskundeak errepikatu beharrak plana aldrebestu die AEBei.

Irailaren 17an egingo dituzteIsraelgo hauteskunde orokorrak, eta gutxienez urri amaierara arte itxaron beharko dute gobernu koalizio berria adosteko, onen-onenean. Kushner Ekialde Hurbilean da egunotan, planarenarlo ekonomikoarentzako babes bila.

Israelen izan da, Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministroarekin batzartzeko, eta Jordaniatik ere pasatu da; hango errege Abdullah II.ak ohartarazi zion estatu palestinar bat sortzea dela gatazkaren konponbidea. Marra gorria ezarri zion. Baina ez dago arrastorik ere Kushnerrek zer prestatu duen Israelen eta Palestinaren arteko gatazka konpontzeko, eta Israelgo bozak errepikatzeak dena atzera lezake; are gehiago, hauteskundeak aurreratu izanak eragina izan lezake Netanyahuk abian dituen auzibideetan ere. Israelgo Fiskaltza Nagusiak iruzurragatik, eroskeriagatik eta konfiantza abusuagatik salatu du lehen ministroa, eta urrian deklaratu beharko du; kanpaina bete-betean dagoela.

Trumpek presidentetzarako bozak ditu 2020an, eta horren eraginez, baliteke planaren edukiak isilpean jarraitzea ordura arte. Palestinarrak, gainera, plan horren aurka agertu dira hainbatetan, ez dakiten arren zer proposatzen duen Etxe Zuriak. Argudiotzat jarri dute AEBetako presidenteak Israelen aldeko jarrera erakutsi duela; horren adibidea da AEBek euren Israelgo enbaxada Tel Avivetik Jerusalemera mugitu izana duela urtebete. Inaugurazioa egiten ari zirenean, Israelgo armadak gutxienez 55 palestinar hil eta 2.400 zauritu zituen Gazan.

Egoera bere horretan

Bien bitartean, palestinarren eta israeldarren arteko egoerak bere horretan jarraitzen du. Palestinako osasun iturriek jakinarazi zutenez, Israelgo indar armatuek nerabe bat hil zuten atzo Zisjordaniako Ramallah hirian.

Palestinako hedabideen arabera, meskita batean sartu nahi zuen otoitz egiteko, segurtasun indarren hesi bat pasatuz; hain justu, atzo Ramadanaren —musulmanen hilabete sakratuaren— azken ostirala zen bihar amaituko da—.

Jerusalem ekialdean, palestinar batek bi israeldar sastakatu zituen, eta, hori ikusita, poliziek tiro egin zioten; erasotzailea hil zuten, Poliziaren eledun Micky Rosenfeldek azaldu zuenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.